Itxi

telebista

22:30ean

"Vamos a Hacer Historia"ren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Asteazkeneko saioak Europako espetxe bateko ihesaldi handiena ekarriko du, San Kristobal gotorlekuko ihesa.

  • Elene Lizarralde eta Juan Manuel Gonzalez Cenbellin, "Vamos a Hacer Historia" saioaren aurkezleak

    Elene Lizarralde eta Juan Manuel Gonzalez Cenbellin, "Vamos a Hacer Historia". Argazkia: EiTB

Gaur gauean, "Vamos a Hacer Historia" saioa estreinatuko da ETB2n eta eitb.eus-en. Dokumental-reality horretan, Elene Lizarralde kazetariaren eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariaren eskutik, Euskal Herriko iraganeko pasarterik garrantzitsuenak hurbilduko dizkigute.

Elkarrizketa sorta baten bidez, Elene Lizarraldek historiako gertakari eta gertaerak helaraziko dizkigu gai horretan adituak diren gonbidatuen laguntzarekin, bai eta une horrekin zerikusia duten pertsona, senide eta bizilagunen testigantzekin ere.

Baina "Vamos a Hacer Historia" saioak harago joan nahi du. Juan Manuel Gonzalez Cembellinek gertaerak izan ziren inguruarekin lotutako pertsona batzuekin partekatuko ditu xehetasunak.

"Evasión y tragedia", San Kristobal gotorlekuko ihesa

Asteazken honetako saioan, Elene Lizarraldek eta Juan Manuel Gonzalezek Europako espetxe batean izandako ihesaldirik handiena ekarriko digute. San Kristobal gotorlekuan gertatu zen, Iruñetik gertu, Ezkaba mendian.

Gotorlekua espetxe bihurtu zuten 1930eko hamarkadan, eta gotorlekuak 2.000 preso baino gehiago hartu zituen Gerra Zibilean, instalazioak berez 700 soldadu hartzeko pentsatuta bazeuden ere.

Goseak, osasungaiztasunak eta hainbat kideren heriotzek 1938ko maiatzaren 22an gertatu zen ihesaldia planifikatzera bultzatu zuen preso talde bat. Ia 800 iheslarietatik, hiruk bakarrik lortu zuten helburua, Frantziara iristea.

"Vamos a Hacer Historia" saioaren atal horretan, Conchi Rodriguez Pico (ihesaldiaren buru izan zen Leopoldo Picoren biloba) eta Ander Carbonero (ihes egindako beste preso baten iloba) izango dira. Halaber, Koldo Pla, Fermin Ezkieta eta Amaia Kowasch ikertzaile eta adituek ere parte hartuko dute asteazkeneko saioan.

Lehen atal hori Gasteizko FesTVal jaialdian estreinatu zen, irailaren 2an. Ekitaldian parte hartu zutenen artean, besteak beste, hauek izan ziren: Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendaria, Elene Lizarralde aurkezlea, Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialaria eta Maite Ibañez produktore exekutibo eta saioaren zuzendaria.

"Vamos a Hacer Historia" gaur estreinatuko da, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.