telebista
Aurkezpena
"Alardea" telesaila aurrestreinatu da Zinemaldian, EiTB Galan
EiTB
Urriaren 7an estreinatuko da telesaila ETB1en eta eitb.eus-en, eta asteazken gauetan izango da ikusgai.
-
"Alardea" telesail berriaren aurkezpena EiTB Galan. Argazkia: EiTB
Asteazken honetan, irailak 23, "Alardea" telesaila aurkeztu du EiTBk Donostia Zinemaldiaren baitan. Lau atalez osatutako fikziozko minisaila da, K2000 (a Company of The Mediapro Studio) etxeak ekoitzita eta alardearen gatazkan libreki oinarrituta. Zehazki, Amaiaren (Itziar Ituño) istorioa du oinarri. Haur eskolako irakaslea da Amaia, eta auzokide talde batekin batera, bere herriko jaietako alardean desfilatzeko eskubidearen alde borrokatuko da.
"Alardea" telesail berriaren aurkezpena Donostiako Londres hotelean egin da, eta bertan izan dira Edu Barinaga ETBko zuzendaria, David Pérez Sañudo telesaileko zuzendaria, Blanca Baena produktore eragilea, Virginia Yagüe gidoilaria eta Carmen Climent, Klara Badiola, Sara Cozar, Belén Cruz, Amancay Gaztañaga eta Amaia Irazabal aktoreak.
(Aurkezpenaren irudia. Argazkia: EITB)
Lanaren aurrestreinaldia asteakenean izan da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, EiTB Galan. Bertan, Zinemaldirako bereziki egindako emanaldi berezi bat ikusteko aukera izan da. Galan telesaileko lantalde artistiko eta teknikoa, eta EiTBko zein erakundeetako ordezkariak izan dira.
Donostia Zinemaldiko aurrestreinaldiaren ostean, urriaren 7an izango da telesailaren estreinaldia ETB1en eta eitb.eus-en, asteazken gauetan, 22:30ean.
(Victoria Eugenia antzokian egindako aurrestreinaldiaren irudia. Argazkia: EiTB)
Lantaldea eta errodajea
Itziar Ituño, Carmen Climent eta Klara Badiolarekin batera, Sara Cozar, Belén Cruz, Amancay Gaztañaga, Amaia Irazabal, Aitzpea Goenaga, Jone Laspiur, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, German Alkarazu eta Iñigo Gastesi aktoreak ere ikusteko aukera izan da.
Zuzendaritza lanetan David P. Sañudo aritu da, berriki Ane lehen film luzearekin sorpresa ekarri duena. Blanca Baena da produktore eragilea eta gidoilarien taldean, berriz, Arantxa de la Cuesta, Pablo Tobías eta Virginia Yagüe izan dira.
(Errodajearen irudia)
Uriola fikziozko herrian kokatzen da lana, eta berau birsortzeko hainbat tokitan grabatu dute, tartean Orduñan, Zallan, Bakion eta Bilbon. Euskadin filmatu da telesaila oso-osorik.
Koronabirusa dela-eta, martxoaren 13an grabaketa eten behar izan zuten, eta berriz ere ekin zioten lanari uztailaren 13an. Filmaketa set-etan beharrezko lantaldea bakarrik aritu da, eta segurtasun neurriak mantendu dira uneoro.
Amaia, Edurne eta Jone borrokan, emakumeek alardean parte hartu dezaten
Errotuta dagoen jai-desfile honen inguruan azken 25 urteotan izan den gatazkan libreki inspiratuta, "Alardea" lanak gai unibertsalak eta gaurkotasun osokoak planteatzen ditu, tartean belaunaldien arteko talka, herri txikietan egiten den presio soziala eta gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko emakumeen borroka.
Amaiaren bizitza zeharo irauliko da Uriolako emakumeen elkarteak alarde tradizionalean desfilatzeko nahia azaltzen duenean. Erabaki horrekin bat egitean, bere ingurukoak eta familia aurrean izango ditu haur hezkuntzako irakasle honek. Erabakiak korapilo eta gatazka handia eragingo dio.
Amaia bere amarekin, Edurnerekin, elkartuko da berriro egoera berezi honetan. Edurne (Klara Badiola) gaixorik dago orain. Alaba duela 25 urte urrundu zen amarengandik, gurasoak dibortziatu eta, denbora batera, aita hil zenean.
Amaiak ez du inoiz barkatu bere amak alarde mistoaren aldeko inplikazioa familiaren interesen aurretik jartzea. Ez dago prest kontu bera errepikatzeko, hain zuzen ere, Aitor (Iñigo Aranburu) bere senarra burgumaisu eta alaba Jone (Carmen Climent) kantinera izendatzen duten urtean.