Itxi

telebista

Jarraipen berezia

Donostia Zinemaldiari arreta berezia EiTBn

Donostiako zinema jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein Internet bidez. Amaierako Gala 26an izango da, 20:30ean.

0:18
Zinemaldia, irailaren 18tik 26ra

68. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere hedabide guztietan, irratian, telebistan eta Interneten. Aurten,  Zinemaldia bereziagoa izango bada ere, ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en, irailaren 18tik 26ra bitartean.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean. Irekiera Gala 21:00etan izango da eta Cayetana Guillén Cuervo, Eneko Sagardoy, Miren Gaztañaga, Inma Cuevas arduratuko dira parte-hartzaileen, sailen eta edukien aurkezpenez. Zuzeneko dantzak eta musikak garrantzi handia izango dute: Kukai konpainiako dantzariak ariko dira, Jon Mayak berak zuzenduta, eta bost musikari ere bai, Luis María Moreno Urretabizkaia Piratak zuzenduta.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala, hilaren 22an, ETB4n izango da ikusgai 22:30ean; Viggo Mortenseni emango zaion Donostia Saria irailaren 24an, 18:00etan ETB4n eta Amaierako Gala, 26an, 20:30ean, ETB1en. eitb.eus-ek zuzenean emango ditu gala guztiak.

ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak Donostiatik bertatik berri emango du bederatzi egunetan. "¡Que Me Estás Contando!" saioak eta "Biba Zuek!" saio berriak ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Berebat, osteguneko "EiTB Kultura" saioan zuzendari berrien atalean aurkeztuko zen Limbo filmaz erreportajea eskaini zuten eta Ben Sharrock zuzendaria eta Irune Gurtubai ekoizlea elkarrizketatu zituzten.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin

Urtero legez aurten ere Zinemaldiaren jarraipen zabala egingo dute Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Irratiotako lantaldeaz gain (Felix Linares, Mikel Yarza, Ainhoa Agirre eta Marijo Uria) Arkaitz Basterra eta Begoña del Tesoren azalpen eta ekarpenak ere jasoko dituzte programa eta albistegi guztietan. Horrez gain, aurten, Jon Artanok Woody Allen elkarrizketatuko du. Elkarrizketa, irailaren 19an larunbatean kontatuko du "Más que Palabras" eta "Amarauna" saioetan.

Horrez gain, aurten irailaren 24-an Gazteako "Dida" saioa Kursaaleko terrazatik egingo dute eta 09:00etatik 11:00etara Zinemalditik zuzenean.

Halaber, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

Webgune berezia eitb.eus-en

eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio, eta streamingez emango ditu ekitaldi berezienak.