Itxi

telebista

Denboraldi berria

Zuzenekoen bost orduko eskaintza egunero eta fikzioaren aldeko apustua, ETB1en

EiTB

"Biba Zuek" arratsaldetako magazin berria eta "Itzulera" astearte gaueko saioa dira berrikuntza nagusienetako batzuk. Irailean bertan hasiko dira biak.

1:33
ETB1eko udazkeneko programazioaren aurkezpena Donostian

2020-2021 denboraldi berriari begira, ETB1erako prestatutako programazioa aurkeztu du Euskal Telebistak ostegun honetan, irailak 3.

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak egin du aurkezpena, Donostiako Miramar Jauregiko lorategietan. Alboan izan ditu Xabier Aurrekoetxea ETB1eko Programa zuzendari-ordea eta Joseba Urkiola ETBko Kirol zuzendaria. Hainbat saiotako aurkezle eta lantaldetako kide ere izan dira bertan: Joseba Arguiñano, Klaudio Landa, Ilaski Serrano, Xabier Madariaga, Agustin Ezenarro, Xabier Sukia, Maddalen Arzallus, Gaizka Aranguren, Yolanda Mendiola, Iñaki Leturia eta Eider Perez.

Maite Iturbek ETB1en garrantzia eta horren alde egindako apustua azpimarratu ditu aurkezpenean, eta, horri lotuta, ETB1en inguruan Geurea, lehena lelopean abian jarritako kanpainaren berri ere eman du. Duela ia 38 urte euskara eta euskal kultura zabaltzeko sortu zen ETB1, eta kate horrek duen garrantzia erakutsi nahi izan du, kultura eta gizarteko arlo desberdinetan zeresana duten lagunen testigantzen bidez. "Ahalegin handia egiten ari gara programazio txukun, erakargarri eta denetarikoa atontzeko", esan du EiTBko zuzendari nagusiak. Horren erakusle da ETB1ek udazken honetarako prestatutako proposamen berritua, zuzeneko emisioen eta ekoizpen propioaren aldeko apustu irmoarekin. Hala, egunero, bost orduko zuzenekoen eskaintza egingo du, euskaraz, "Ahoz Aho", "Biba Zuek" eta "Eztabaidan" saioen eskutik, aktualitatea, kultura eta entretenimendua gure etxeetara eramateko.

Fikzioak ere protagonismo berezia izango du udazken honetan. "Alardea" telesaila estreinatzear dago eta "Ondar ahoak" lanaren grabaketa bukatzear da. Gainera, laster hasiko dira "Altsasu" izeneko beste bat filmatzen. Azkenik, azaroan "Go!azen" telesail arrakastatsuaren denboraldi berri bat estreinatuko da.

"Biba Zuek" arratsaldeko magazin berriarekin batera, "Itzulera" saioa dugu berrikuntza nagusienetako bat. Irailean bertan hasiko dira bi saio berri horiek, eta "Itzulera" astearte gauetan emitituko da. 

Hilabete honetan, gainera, "Joseba Arguiñano Sukalerrian", "Barre Librea", "Herri Txiki, Infernu Handi", "Hitzetik Hortzera", "Arte[faktua]", "Teknopolis" eta "EiTB Kultura" saioen denboraldi berriak estreinatuko dira. Urrian iritsiko dira, besteak beste, "Txoriene", "Ahoz Aho", "Ur Handitan" eta "Itxi Liburuak" programen atal berriak, eta "Oholtzan" saioak asteburuetako emanaldiekin jarraituko du.

Horrez gain, ETB1ek jarraipena emango dio zuzeneko kirolaren aldeko apustuari, Frantziako Tourra eta Italiako Giroa arratsaldero eskainiko baititu. "ETB Kantxa" saioak pilotarekin egingo du asteroko hitzordua, eta "Area Txikia" saioak euskal taldeen partiden laburpenak eta egun bakoitzeko elkarrizketak eskainiko ditu.

Azkenik, haurrei zuzendutako "Lur eta Amets, hau bai abentura!" saioa eskainiko da ETB1en, eta atal bakoitzean garai historiko zehatz bat jorratuko du.

  

Irailean

"Joseba Arguiñano Sukalerrian" (Astelehenetik ostiralera, 13:15ean)           
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioak irailaren 21ean abiatuko du denboraldi berria. Udan bezala, Josebak egunero gonbidatu bat hartuko du, sukaldean. Hori bai, kalean aritu beharrean, plato barruan izango da Arguiñanoren sukaldea. Eguneroko errezetaz gain, hainbat bideo ere ekarriko dizkigute, betiere sukaldaritza ardatz duten protagonistekin: ekoizleak, baserritarrak, arrantzaleak, abeltzainak, jatetxeetako sukaldariak, tabernariak…

"Biba Zuek!" (Irailaren  14tik aurrera, astelehenetik ostiralera, zuzenean, 18:00etatik 20:00etara)
Entretenimendu eta gaurkotasun saio berria da "Biba Zuek". Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute, eta arratsaldero izango da ikusgai, zuzenenean, 18:00etan. Programaren lehen partea talk-show-solasaldia izango da eta saio bakoitzean gai konkretu bat jorratuko dute. Kolaboratzaileak izango dituzte eta kalean ere izango dira, erreportaje eta zuzeneko emanaldiekin. Bigarren zatian, berriz, gonbidatu ezagun bati elkarrizketa egingo diote.

"Eztabaidan" (Irailaren 7tik aurrera, astelehenetik ostegunera, zuzenean, 21:30ean)
Saioak bere oinarriari eutsiko dio udazken honetan ere, eta Klaudio Landak gaurkotasun gaiak jorratzen jarraituko du egunero, solaskideekin batera. Platoa berritu dute eta erreportari berriekin dator "Eztabaidan" saioaren denboraldi berria, irailaren 7tik aurrera.

"Itzulera" (Irailaren 8tik aurrera, asteartetan, 22:30ean)
"Itzulera" saio berrian, gure kirolari ezagun batzuen bizitza gertutik ezagutuko dugu. Agustin Ezenarrok aurkeztuta, sei kirolari elkartuko dituzte landetxe batean, euren bizitzaren errepasoa egiteko. Xabier Mikel Errekondo, Oskar Lasa, Arantxa Orbegozo, Nagore Osoro, Markel Irizar eta Imanol Agirretxe izango dira protagonistak. Bakoitzaren bizitzari errepasoa egiteaz gain, sei kirolariak Bilbao-Bilbao bizikleta lasterketan parte hartzeko prestatuko dira, astez aste. COVID 19a dela eta, baina, bertan behera geratu da proba; hala ere, horrek ez du esan nahi egindako lanaren emaitzarik ikusiko ez dugunik. Irailaren 8an hasiko da "Itzulera" saio berria.

"Barre Librea" (Irailaren 10etik aurrera, ostegunetan, 22:30ean)
"Barre Librea" bueltan da udazken honetan, eta udaberriko filosofiari eta formatoari eutsiko dio.  Hala, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak gidatuko dute programa, eta atal bakoitzean hainbat gonbidatu izango dituzte, bakarrizketak egiteko prest. Esketxak ere ez dira faltako (batzuk kalean grabatuta oraingoan), eta, besteak beste, Virginiaren eta La Jaioren gorabeherak ikusiko ditugu. Irailaren 10etik aurrera, ostegun gauetan.

"EiTB Kultura" (Irailaren 10etik aurrera, ostegun gauetan)
Euskal Herriko sortzaileen lana ezagutzen, beren proposamenak jasotzen eta kultur proiektu eta espazioen berri ematen jarraituko du EiTB Kultura saioak. Ostegun gauetan eutsiko diogu kulturaren hitzorduari, ETB1en eta ETB2n.

"Teknopolis"  (Irailaren 26tik aurrera, larunbatetan, 13:30ean)
Egoera berrira egokitu behar dugun honetan, eta zientziak seguruenik inoiz baino gaurkotasun handiagoa duen garai honetan, berriz ere bueltan izango dugu "Teknopolis" saioa, ETB1en eta ETB2n. Programak atal berezi bat eskainiko dio koronabirusari, eta astero pandemiarekin erlazionatutako gai baten azken aurrerapenak ezagutuko ditugu. Helburua da zein egoeratan gauden ez ahaztea eta zorrotz azaltzea pandemiaren hari-mutur desberdinak, zientziaren ikuspegitik, gizarte informatu eta kritiko batek behar dituen tresnak eskaintzeko. Iñaki Leturiak jarraituko du aurkezle lanetan eta, ohi bezala, saio bakoitzean gai bati lotutako erreportajea izango da ardatza, beste gai batzuk ahaztu gabe. 23. denboraldia irailean abiatuko du "Teknopolis" programak.

"Arte[faktua]" (Irailaren 19tik aurrera, larunbatetan)
Yolanda Mendiolak literatura saioa aurkezten jarraituko du. Denboraldi berri honetan atal berriak izango ditu: herrietako liburu dendetan sartuko da saioa, bertako dendak eta dendariak ezagutzeko, eta herritarren artean ere galdetuko dute, euren irakurketa zaletasunaren berri izateko. (*Txirrindularitza dagoen bitartean ordutegia aldatuko du).

"Oholtzan" (Larunbat gauetan)
Udazken honetan "Oholtzan" saioak atal berriak emitituko ditu larunbatero, eta Ilaski Serranok jarraituko du saioaren aurkezlea izaten. Aurten ospatzen den Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena dela-eta hainbat ekitaldi egingo dira gurean, eta Bilbon eta Donostian izango diren emanaldiak ikusgai izango dira "Oholtzan"en.  Horrez gain, Radio Vitoriaren 85. urteurrena ospatzeko festa erraldoia antolatu zen iragan martxoan  Gasteizen, Puro Relajo talde nafarrarekin, eta emanaldi hori ikusteko aukera ere egongo da udazken honetan. Bestalde, aurtengo abuztuan Oreka TX taldeak Menorcako Pedra Viva jaialdian eskainitako "Harria Herria" ikuskizunaren estreinaldia ere eskainiko du "Oholtzan"ek.

"Hitzetik Hortzera" (Irailaren 12tik aurrera, larunbatetan edo igandetan)
Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoiztutako saioak  irailaren 12an ekingo dio denboraldi berriari, eta Eider Perezek jarraituko du gidari lanetan. Ohi bezala, bertsolarien plazaz plazako jarduna izango da programaren oinarria, baina,  denboraldiaren hasieran behintzat, egun eta ordutegi aldaketa izango du. Izan ere, Tourra eta Giroa izan bitartean, "Hitzetik Hortzera" larunbatetan emitituko da, gauez.

"Herri Txiki, Infernu Handi" (Irailaren 13tik aurrera, igandetan, 22:00etan)
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatutako saioak 7. denboraldiari ekingo dio eta, ohi bezala, herriz herri ibiliko dira. Toki bakoitzean ezagututakoak oholtzara eramango dituzte eta umorez betetako bakarrizketak eskainiko dituzte bertan bizitakoa azalduz.

  

Urritik aurrera

"Txoriene" (Urriaren 26tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 15:00etan)
Urriaren 26an hasiko da denboraldi berria, Zigor Iturrietarekin.

"Ahoz Aho" (Urriaren 26tik aurrera, astelehenetik ostiralera, zuzenean, 16:00etatik 18:00etara)
Arratsaldero, 16:00etan, "Ahoz Aho" saioak gaurkotasunari eta kulturari leihoa zabalduko die, zuzenean, Ilaski Serranok eta Saioa Martijak gidatuta. Urriaren 26an hasiko dute denboraldi berria.

"Ur Handitan" (Urriaren 20tik aurrera, asteartetan, 22:30ean)
Xabier Madariagak gidatutako saioa berrikuntza handiekin itzuliko da urrian.

"Itxi Liburuak" (Urritik aurrera, asteazkenetan, 22:30ean)        
Aurreko denboraldian bezala, Euskal Herriko zenbait pertsonaia ezagunek erronka 'historiko' bati egin beharko diote aurre: klase oso baten aurrean sorpresaz sartu, eta ikasleen aurrean Historiako klase dibertigarri bat eman. Beraz, berriz ere ikasgelak izango ditu abiapuntu saioak, baina koronabirusa dela-eta segurtasun neurri berrietara egokituta. Atal berri hauetan honakoak izango dira historia klase berezia emango dutenak: Joseba Beloki, Loli Astoreka, Begoña Errazti, Iñaki  Artola, Josune Ariztondo eta Itziar Alduntzin. Atal berri hauetako gaiak, berriz, ikurrinaren historia, emakume raketistak, kontrabandoa, Ikastolen sorrera, Katalina de Erauso eta Saturrarango kartzela. Gai izango al dira Historiako klase ahaztezin eta ezberdin bat emateko? Urritik aurrera asteazkenetan izango dugu saioa ikusgai, oraingoan ere Gaizka Aranguren kazetari eta Historia dibulgatzaileak aurkeztuta.

Fikzioaren aldeko apustua

Euskarazko fikzioak protagonismo berezia izango du udazken honetan. "Alardea" minisaila jada estreinatzear dago, eta "Hondar Ahoak", berriz, filmaketa bukatzen. Horrez gain, laster hasiko dira "Altsasu" izeneko beste lan berri bat grabatzen. Ohi bezala, azaroan izango du "Goazen" telesailaren denboraldi berria.

"Alardea"
K2000ak (The Mediapro Studiok) EiTBrentzat ekoitzitako lau ataletako telesailak Amaiaren (Itziar Ituño) istorioa du oinarri.

Haur eskolako irakaslea da Amaia, eta auzokide talde batekin batera, bere herriko jaietako alardean desfilatzeko eskubidearen alde borrokatuko da. Izan ere, orain arte, gizonek bakarrik desfilatzen dute bertan. 25 urtez Euskadin errotuta egon den jai-desfile honen inguruan sortu den gatazkan inspiratuta, "Alardea"k gai unibertsalak eta gaurkotasun osoko gaiak planteatzen ditu, hala nola belaunaldien arteko talka, herri txikietan egiten den presio soziala, eta emakumeak gizonak duen errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko egiten duen borroka. David P. Sañudok zuzendutako ekoizpenean, Itziar Ituño aktoreaz gain, Carmen Climent, Klara Badiola, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga eta German Alzarazu aktoreek hartzen dute parte.

"Hondar ahoak"
Txintxua Filmsek ETBrentzat sortutako suspense minisaila da  "Hondar ahoak", eta thriller eta zinema beltzeko elementuak nahasten dituen  intrigazko istorio bat kontatzen du. 

Koldo Almandoz gidoilari eta zuzendariaren lan originala da, eta datorren denboraldian estreinatuko da ETB1en. Orotara, 4 atal izango ditu. Trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Kasu hauetan gertatzen den bezala, laster konturatuko da Nerea (Nagore Aranburu aktoreak antzezten duen pertsonaia) ezer ez dela hasiera batean dirudiena.  Protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy izango dira. Lehenak polizia-inspektorearen rola du eta, bigarrenak, berriz, bere laguntzailearena. Antzezle-zerrenda nagusia Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute. Gainera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute telesailean. Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen esku-hartzea ere.  Koldo Almandozen ohiko kolaboratzaileak ditugu lantalde teknikoan, esaterako, Javier Agirre argazkilaritza zuzendaritzan eta Alazne Ameztoy zuzeneko soinuan. Arte zuzendaria Zaloa Ziluaga izan da, ekoizpenaren ardura Marian Fernandezek izan du eta bigarren unitatea Asier Altunaren esku egon da.

"Altsasu"
Altsasuko gazteen auzian oinarritutako minisaila.

"Go!azen"
Denboraldi berri honetan hiru aktore gazte berrik hartuko dute parte: Aitziber Errazkin zarauztarra Enara izango da; Nerea Elizalde bilbotarrak Garazi pertsonaiaren rola jokatuko du, eta Ander Lacalle donostiarrak Lukenen papera antzeztuko du. Gainera, hiru langile berri izango dituzte aurten Basakabi udalekuetan: Maria Cruickshank antzezlea ingeles irakasle berria izango da; Markel Aranburu, Asier Burguete aktoreak antzeztutako pertsonaia, Basakabira itzuliko da, oraingo honetan bekadun moduan, eta Aitor, Endika Zamalloa aktoreak jokatuko duen langilea, egoitzako mantentze lanetaz arduratuko da. Endika Zamalloa izango da Down sindromedun lehen aktorea "Go!azen" telesailean. Bestalde, aurreko denboraldian telesailean parte hartu zuten aktore gehienak izango ditugu kamera aurrean denboraldi berrian ere: Lorea Intxausti (June), Esti Lopez (Eider), Dánae Riaño (Maddi), Maria Redondo (Zuri), Markel Sanz (Danel), Xanti Korkostegi (Igor), Nikola Zalduegi (Eneko), Itziar Urretabizkaia (Amaia) eta Karmele Larrinaga (Begoña). Ohi bezala, azaroan estreinatuko da.

  

Zuzeneko kirol emanaldiak
Koronabirusak eragindako etenaldiaren ostean, goi-mailako txirrindularitzaz gozatzen ari gara berriro ETB1en eta eitb.eus-en. Burgosko Itzuliarekin eta Dauphineko Kriteriumarekin jarri zen abian denboraldia eta orain Frantziako Tourra digu ikusgai, zuzenean, irailaren 20ra bitartean. Italiako Giroa, berriz, urriaren 3tik 25era eskainiko da, esklusiban. Halaber, historikoak diren egun bateko klasikoak ere euskaraz ikusi eta gozatzeko abagunea izango da EiTBn: Irailaren 30ean Flèche Wallone, urriaren 4an Lieja-Bastogne-Lieja eta urriaren 25ean Paris-Roubaix, Giroaren amaierarekin batera.

Bestalde, EiTBk Pilotaren Etxea izaten jarraitzen du. Hala, irailaren 21ean eta 25ean Caixabank Masters-aren finalerdiak izango dira ikusgai, eta hilaren 27an berriz, finala eskainiko da Logroñotik. Ondoren, 2020ko Binakako finalerdiak itzuliko dira eta, egoerak baimentzen badu, udazkenean hiru txapelketa desberdin jokatuko dira. Beraz, ostiral, larunbat eta igandetan txapelketa ezberdinetako partidak ikusgai egongo dira, eta punta-puntako pilotaz gozatzeko aukera izango da "ETB Kantxan" saioaren eskutik.  Ez dira faltako zesta punta eta erremontea.

Ana Ramosen eskutik "Helmuga" saioa izango dugu igande goizetan, kirolarien istorio, bizitzak eta pasioak oinarri dituen erreportajeekin; eta "Area Txikia" saioak euskal taldeen partiden laburpenak eta egun bakoitzeko elkarrizketak eskainiko ditu.

 

Haurrei zuzenduta 

"Lur eta Amets, hau bai abentura!" (ETB1)
Irailaren 7tik aurrera "Lur eta Amets, hau bai abentura!" izeneko saioa emango da ETB1en, 21:00etan, astelehenetik ostegunera. Bertan "Lur eta Amets" pelikulako animazioa eta familien arteko lehiaketa uztartuko dute. Hala, atal bakoitzean garai historiko zehatz bat jorratzeko helburuarekin, hainbat proba egingo dituzte familia giroan: Mimika, marrazketa, galderen proba…

"3 Ene Kantak" (ETB3)
Udako oporrak amaituta, irailaren 7an, indarberrituta itzuliko da "3 Ene Kantak" haurrentzako saioa. Bigarren denboraldia aurkezteko, emanaldia eskaini dute irailaren 1ean Ene Kantak taldeko kideek Gasteizen, FesTVal telebista jaialdiaren barruan. Hala, Urbi, Eneko eta Nerea, Astonauta eta Satorjator lagunekin batera, etxera bueltatu dira. Denboraldi honetan lagun berriak, umorea barra-barra, giro aparta eta musika ugari izango ditugu. Dantzateka, Atxa Mitxa, Tokikliki, Margolanak eta Erraldoien Txokoa ataletan berrikuntza eta sorpresa ugari ekarriko dizkigute. Zorionak atal arrakastatsuarekin jarraituko dute oraingoan ere eta, astero-astero, Ikusi eta ikasi atal berrian, ekologia, natura, genero-berdintasuna, adiskidantza, elikadura eta denetariko gai interesgarriekin lotutako ezagutzak azalduko dizkigute. Bestalde, herri eta hiri ezberdinetako eskolak bisitatzeaz gain, Lorez Lore izeneko tarte berria ere izango dugu aurten; Euskal Herriko hainbat naturgune eta txoko bisitatuko dituzte saioko pertsonaiek eta hango bitxikeriak kontatuko dizkigute.