telebista
20:00etan
Arabako Mendialdean osteratxoa, arratsaldean, "Historias a Bocados" saioan
EiTB
Joseba Arguiñano Kontrastan, Elortzan eta Lagranen izango da bertako bizilagunak bisitatzen.
-
Joseba Arguiñano. EiTBko bideo batetik lortutako irudia.
Joseba Arguiñano aurkezle eta gozogileak ibilbide berezia egingo du gaur, ekainak 28, Arabako Mendialdean barrena. Kuadrilla osatzen duten sei udalerriak 47 kontzejutan banatzen dira; "Historias a Bocados" saioa Kontrastan, Elortzan eta Lagranen izango da.
Joseba Arguiñano eta Fidel Pérez de Eulate aurrez aurre izango dira berriro ere Kontrastan. Lehengo batean, gure aurkezlea egurra mozten ari zela, mazoa hautsi zion Fideli. Ana Maria San Vicente, Fidelen emaztea, elkartuko zaie gainera. Inguruko produkturik faltako ez den mahai baten inguruan arituko dira senar-emazteak gaztaroko istorioak kontatzen.
Phil Miller Elortzako 11 biztanleetako bat da. Eskozian jaio zen, baina munduko txoko eder honetan geratu zen, euskal paisaiak eta kulturak erakarrita. Josebak eta Philek parrila erabiliko dute lupia fresko eder bat prestatzeko, eta, bitartean, Philek bere ostaturako zer asmo duen azalduko dio Josebari. Landa-esperientzia berezi bat eskaini eta tokiko turismoa sustatzea izango dira garai berriei aurre egiteko dituen ideia nagusiak.
Ibilbidearen amaierak Lagraneraino eramango du Joseba. Bertan bizi dira Idoia Arriaga eta Ivan Abajo. Lurra lantzeaz gain, nekazaritza-turismoko etxea kudeatzen du bikoteak. Batetik, bere familiaren errezeta batean oinarritutako patata bereziak prestatu ditu Idoiak. Bestalde, Ivan nekazari lanetan lanpetuta topatuko du Josebak. Patata erein aurretik lurra prestatzeko unea da, eta Ivanek lan hori egiteko erabiltzen duen makineria erakutsiko digu.
"Historias a Bocados" gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.