telebista
22:00etan
"Sanjoanak Donostian" saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Konstituzio plazan ospatuko den ekitaldiaren zuzeneko emanaldia izango da ikusgai, Xabier Sukiaren eta Jaione Carpinteroren kontakizunarekin.
San Joan egunaren bezperan, Donostiako Konstituzio plazatik, "Sanjoanak Donostian" saio berezia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, zuzenean, 22:00etatik aurrera. Segurtasun-neurriak kontuan hartuta, ekitaldi ikusgarria eskainiko dute Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak, Donostiako Orfeoiak, Goizaldi dantza taldeak, eta Arkaitz Eskola, Gero Axular, Goizaldi eta Kresalako dantzari bikoteek.
Xabier Sukiak egingo du zuzeneko kontakizuna Konstituzio plazatik, eta Jaione Carpintero erreportari lanetan arituko da bertaratutakoei elkarrizketak egiten.
Donostiako ekitaldia amaitutakoan, Euskal Herriko zenbait herritan iaz arte San Joan gaua nola ospatzen zuten ikusi ahalko dugu. Besteak beste, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Eibar, Tolosa, Andoain, Muskiz, Leioa, Hernani, Agurain eta Arizkungo ospakizunak gogoratuko dituzte.
Halaber, Lekeitioko eguzki-dantza eta Arrasateko gau magikoaren kontakizuna eskainiko du saioak. Saio berezia amaitu ondoren, 2019ko Eibarko Danborrada ekarriko dute gogora.