Itxi

telebista

''El Conquis''en 20. atala

Martinek eta Nekanek bere abenturako egunik beltzena izan dute "El Conquis"en

EiTB

Nekanek duelua irabazi du baina azken banderatxoa eskuratzerakoan erori egin da eta ez dago argi abenturan jarraituko duen ala ez. Mikel berriz salbatu da dueluan, eta Martin kanporatu dute.

  • Martin haserre eta Nekane triste

    Martin haserre eta Nekane triste. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Martinek agur esan du "El Conquistador del Caribe" saioaren 20. atalean, duelu oso kaskarra egin ondoren, banderatxo bat ere ez baitu eskuratu. Gainera, immunitate jokoan taldeari enbarazu egin dio porrotera eramateraino. Dena den, eibartarra abenturan egindako lanarekin harro azaldu da etxera joan aurretik; agian ez da konturatu talde urdinean nolako egoera kaskarra utzi duen.

Txanponaren beste aldean Nekane dago, izugarrizko duelu gogorraren irabazlea; oraindik ez dago argi abenturan jarraitu ahal izango duen. Galdakoztarra hainbat metrotako altueratik erori da azken banderatxoa eskuetan zuela, eta haren etorkizuna ez dago batere argi, medikuek erabaki behar baitute lehian jarraitzeko moduan dagoen ala ez.

Oraingoz, Mikel da kanpamentu urdinera itzuliko den bakarra. Oiartzuarrak berriz erakutsi du oso lehiakide ona dela, baina talde gorria etengabe ari da bera dueluetara bidaltzen eta indarrak galtzen hasita dago.

Ahazteko moduko atala izan da Caguama taldearentzat. Isma eguneko kapitainak helarazitako irabazle pentsamoldearekin iritsi dira girgiluekin lotuta joateko immunitate duelura, baina Martinen lan kaskarraren eta Ionek gidatutako talde gorriaren joko onaren ondorioz, dortokek galdu egin dute.

Hori guztia gutxi balitz bezala, porrot mingarriaren ostean liskarra izan dute urdinek taldeko kideen artean; taldearen adorean ondorioak izaten dituzten horietakoa izan da gainera. Eta, espero zen bezala, gauzak ez dira hobera joan bileran; izan ere, Manuk bistakoa zena egin eta Martin bidali du duelura, baina taldea haserretu egin da eta Nekane izendatu dute. Gorriek berriz bidali dute Mikel duelura.

Bitartean, Seletaren taldea kanpamentu aberatsaren lasaitasunaz eta finalaren hurbiltasunaz gozatzen ari da. Janaririk ez dute erruletan ez dutelako ezer lortu, baina ez dute bestelako buruko minik, eta hori izugarrizko luxua da abenturaren atal honetan.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30 aldera, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.