telebista
'El Conquis'en 13. atala
Adriren potentziak eta presioak Andrea suntsitu dute
EiTB
Gorriek irabazi dute kanibalen immunitate jokoa eta berdeak izan dira bigarrenak. Urdinak, galtzaileak.
-
Andrea, negarrez, kanporatua izan ondoren. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Adrik psicobloc edo ur gaineko eskaladaren dueluan lortutako garaipena gutxietsi gabe, esan beharra dago Andreak maila handiko bi aurkari izan dituela: izan ere, bere buruari jartzen dion presioa hondarribiarraren arerio izan da. Ohikoa da lehiakideek indarra eta trebezia baino ez izatea kontuan lehiarako, baina ezin dute ahaztu "El Conquistador del Caribe" saioan oso garrantzitsua dela faktore psikologikoa. Andrea presiopean egon da azken asteetan, eta indartsuena zela erakusteko beharrak "hiltegira" eraman du. Adrianak, ostera, kontrakoa egin du: hasieran profil baxua izan du, baina lehian grinatsu azaldu da. Bien arteko bi hamarkadako adin tartea ez da inolaz ere sumatu duelu gogorrean, eta ikusi da beteranotasunak beste maila bat ematen duela.
Adrianaren azken orduak ere ez dira aproposenak izan horren maila altuko duelu bati aurre egiteko. Triatleta nekatuta zegoen bere taldeko gizonen trikimailuekin, eta berak bakarrik guztiei (Eneko kapitaina barne) aurre ematea erabaki du. 24 ordutan ikusi da talde urdina ez dela aurretik ikusi ditugunetatik oso ezberdina. Adrianak bazekien dueluan bukatuko zuela, bere jarrerak ondorioak izango zituela, baina ez du atzera egin ez kanpamentuan ezta indartsuenetako baten aurrean ere.
Eguna oker hasi da urdinentzat txerria goitik behera zabalik ikusi dutenetik. Estrategia okerra erabili dute kanibalen jokoan, talde gorria geldiaraztea izan baitute helburu. Ondorioz, berdeak gelditu dira bigarren postuan Gotzonen gorrien atzetik. Hortik aurrera, guztiok dakigu zer gertatzen den kanpamentu oso txiroan eta giroa nola zapuzten den. Berdeak pozik zeuden, hainbeste duelu irabazteak ematen duen konfiantzarekin, eta Patrik Andrea bidali du duelura, irabaziko zuen uste osoarekin.
Paradoxa da Adrianak, taldeak kondenatutako lehiakideak, sastadari oxigeno-baloi batekin erantzun diola, baina zalantzan dago egin duen erakustaldia nahikoa izango den ala arriskuan egoten jarraituko duen.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30 aldera, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieran atarian ikus daitezke.