Itxi

telebista

22:30ean

"Vascos por el Mundo" Quiton izango da gaur gauean

EiTB

Amaiur Elizari kazetariak Ekuadorreko hiriburua ezagutuko du bertan bizi diren Natalia, Jon Mirena, Aitor, Jesús eta Xandra euskaldunen eskutik.

  • Quitoko bizilaguna.

    Quitoko bizilaguna. EiTBko bideo batetik lortutako irudia.

Gaurko "Vascos por el Mundo" saioak Quito, Ekuadorko hiriburua, ezagutuko du, 3.000 metroko altueran sumendiz inguratuta dagoen hiria. Amaiur Elizari kazetariak eta Jorge Torres kamerariak hiriguneko eta inguruetako sekretuak ezagutuko dituzte bertan bizi diren Natalia, Jon Mirena, Aitor, Jesús eta Xandra euskaldunen laguntzarekin.

Bertako parajeen edertasuna, biztanleen eskuzabaltasuna eta gastronomiaren zaporeak edozein bidaiari harrituta uzteko modukoak dira. Gainera, hiri magikoa ere badela esan daiteke, Lurraren bi hemisferioen arteko mugan dagoelako, 0 gradu, 0 minutu eta 0 segundoko latitudean, hain zuzen ere.

Besteak beste, Quito hiriaren erdigune historikoa eta urrez estalitako Jesusen Lagundiaren eliza ikusgarria bisitatuko dituzte. Gainera, hirian eta inguruko baso eta mendietan sentitu daitekeen indigenen nortasuna ere ezagutuko dute.

Bestalde, sumendi baten kraterreko uretan igeri egingo dute, eta 400 metroko altueran zintzilik dagoen zubi bat zeharkatuko dute. Gainera, Papallactako ur termaletan egongo dira eta Iñaquitoko merkatuko folkloreaz gozatuko dute.

"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.