Itxi

telebista

Kirolak

"Ez da Giro!" txirrindularitza saioa, 16:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Joan den asteburutik, pilota ardatz duen "ETB Kantxa Solasean" saioa dugu ikusgai larunbat eta igande arratsaldetan.

  • Txirrinduariak Arrate gaina igotzen Euskal Herriko Itzulian

    Euskal Herriko Itzuliko irudia, EiTBren bideo batetik hartuta

"Ez da Giro!" txirrindularitza saioa eskainiko dute gaur -larunbata- ETB1ek eta eitb.eus-ek, 16:00etan. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok gidatuta, koronabirusa txirrindularitza munduan nola ari den eragiten aztertuko du saioak. Denboraldia hastear zen honetan, lasterketa asko bertan behera geratu dira eta aurrerago jokatzekoak ziren beste proba batzuen inguruan ere zalantzak daude. Egoera aztertuko dute goi mailako protagonistekin. 

Skype bidez Mikel Landarekin eta Iñigo Elosegirekin hitz egingo dute. Horrez gain, Julian Eraso Euskal Herriko Itzuliaren antolatzailearekin ere mintzatuko dira. 

"ETB Kantxa Solasean" 

Joan den asteburutik, larunbat eta igande arratsaldero "ETB Kantxa Solasean" saioa dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Pilotalekuetatik platoetara jauzi egin dute Xabier Euzkitzek, Abel Barriolak eta Mikel Idoatek, pilota zaleei leiho berri bat zabalduz. 

Joan den astean hasitako lanari jarraituz, aste honetan ere finalerdietan etenda geratu den Binakako Txapelketa izango dute aztergai. Hurrengo astetik aurrera partida historikoak eta pilotari desberdinak landuko dituzte. 

"ETB Kantxa Solasean" 17:30ean izango da ikusgai larunbatean eta 17:00etan igandean. 

"Gure Bideoteka" tartearekin osatuko da ETBren kirol eskaintza, ohikoak diren ordutegietan.