Itxi

telebista

'El Conquis'en 3. atala

Silbiaren kanporatzearekin taldekako lehia abiatu da

EiTB

Jurdanek irabazi du urdinen immunitate jokoa eta Malenik galdu du. Portugaletekoak eta Fetatok Silbia kanporatu dute arrabolaren dueluan.

  • Silbia, "El Conquistador 16"ren talde urdineko lehen kanporatua

    Silbia, "El Conquis 16"ren talde urdineko lehen kanporatua. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

"El Conquistador del Caribe"ren edizio honetako lehen fasea bukatu da 3.atalarekin. Silbia izan da Caguama taldeko lehen kanporatua eta taldekako lehia galduko du. Maleniren eta Fetatoren aurka egin duen duelua etsigarria izan da. Bilbotarra izan da onena eta askok uste baino denbora gehiago iraun du arrabolari eutsita. Fetatok izua dio urari eta ez daki igeri egiten, baina grinatsua da eta badaki sufritzea zer den. Saioak eman dion bigarren aukera aprobetxatu du Malenik, eta Silbia kanporatzea lortu du. Tolosarraren kanporatzea izendapenetan hasi da, Malenik arerio ahulena bezala "aukeratu" duenean, eta kanpamentuan jarraitu du, Enekok arriskuan zeuden lagunei kasu egin eta gipuzkoarra duelura bidali duenean. Talde bakoitzak lehiakide bana galdu du, eta hiruren arteko lehia berehala hasiko da.

Caguama taldean, beteranoenean, hain zuzen ere, zenbait gauza gelditu dira argi. Fetato jomugan dago, Isma Enekoren laguntzaile nagusia izango da, eta Javi "saltsa" guztietan nahasirik egongo da. Bilerako purrustadak, jokoan erakutsi duen azpikeria eta kanpamentuan nolako urduritasuna izan duen ikusita, argi dago gatazkak izango dituela.

Bitartean, gainerako kanpamentuetan, neskak klimaren gogortasuna eta zomorroen ziztadak sufritzen hasi dira eta mutilak, Gotzon buruan dutela, lehian hasteko erregutzen hasi dira. Ez daitezela horretaz kezkatu, beren nahiak laster beteko dira eta.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.