Itxi

telebista

Danborrada 2020

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, zuzenean, EiTBn

EiTB

Gainera, astelehenean haur danborrada eta bandera jaitsiera izango dira zuzenean ikusgai.

0:30
Donostiako danborrada

Gaur, urtarrilak 19, ETB1ek, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek San Sebastian eguneko jai handiari hasiera emango dioten bandera igoera eta danborrada eskainiko dituzte. 'Danborrada Gaua 2020' saioa Donostiako Konstituzio plazatik zuzenean eskainiko dute 22:15etik aurrera, telebistaz eta Interneten, eta, ondoren, Azpeitiko danborrada izango da ikusgai 00:45etik aurrera.

Donostiatik, Imanol Artola esataria arituko da kontakizun guztia egiten. Berarekin batera, Maite Eskarmendi eta Odei Esnaola arituko dira berriemaile eta erreportari lanetan.

Maite Eskarmendik zuzenekoak egingo ditu Donostiako Konstituzio plazatik, bertan biltzen den jendea zuzenean elkarrizketatzen, besteak beste, eta bertatik bertara erakutsiko du nolako giro bikaina sortzen den gau berezi horretan.

Odei Esnaolak zuzenekoak egingo ditu elkarte gastronomiko ezberdinetatik. Batetik, Gaztelubidekoen sukaldean eta jangelan sartuko da, gau horretan prestatuta duten menua zein den ikusi eta dastatzeko; bestetik, aurten 150 urte bete dituzten Union Artesanako elkartekoekin bilduko da. Horrez gain, bestelako erreportajeak ere ekarriko ditu, esaterako, ONCEk abian jarritako itsuen danborradaren azken entseguko bideoa, eta haurren danborradaren aurkezpenekoa, Victoria Eugenia antzokitik, besteak beste.

Zuzenekoari eutsiz, aurten, Gaztelubidekoak Konstituzio plazara nola iristen diren ere ikusi ahal izango dugu zuzen zuzenean, oholtzara igo aurretik.

Azpeitiko danborrada

Imanol Artolak, gainera, bat egingo du Azpeitiko San Sebastian bezperako giro eta danborradarekin, zuzeneko konexio ezberdinen bidez. Bertan egongo dira Izaro Iraeta eta Migel Zendoia kontakizun lanak egiten, eta Azpeitiko gonbidatu bereziak ere izango dituzte elkarrizketatzeko.

Gauerdian emango zaio hasiera San Sebastian egunari eta danborradari. Behin Donostiakoa bukatuta, Azpeitiko danborrada ere osorik emango da.

Haur Danborrada

Astelehenean, 11:45etatik aurrera, ETB1en, Haurren Danborrada ikusteko aukera izango da. Alderdi Ederren sortzen den giro bikaina zuzenean emango dute, eta, danborradaz gain, haurrek udaletxeko balkoitik botatzen duten mezua ere zuzenean entzungo dugu.

Imanol Artola esataria egongo da kontakizun guztia egiten. Alderdi Ederren, aldiz, Jaione Carpintero kazetaria egongo da, bertatik bertara haurrak elkarrizketatu eta bertako giroa jasotzeko.

Bandera jaitsiera

Gauean ere saio berezia egongo da ETB1en, San Sebastian egunari bukaera emateko. 22:15etik aurrera, Konstituzio plazatik, Imanol Artolak egingo du ekitaldiaren kontakizuna, Maite Eskarmendi eta Odei Esnaolaren laguntzarekin. Ordu arte San Sebastian egunak eman duen guztiaren errepasoa ere egingo dute.

Gauerdian puntu-puntuan hasiko da Konstituzio plazan azken daborrada. Urtero bezala, Union Artesanako kideek izango dute honen ardura oholtza gainean, aurten 150 urte betetzen dituen elkartekoek hain zuzen. Berezia izango da nolanahi ere aurtengo bukaera hau.

Euskadi Irratian jarraipena

EiTBko irratiek, halaber, San Sebastian jaiaren berri emango dute. Hain zuzen ere, Euskadi Irratiak bandera igoera emango du 19an, gau erdian, Jon Artano eta Xabier Urteagaren eskutik. San Sebastian egunean, berriz, jarraipen berezia egingo dute, eta ekitaldi garrantzitsuenetan egongo dira bai programa bai albistegiak. 

Interneten streaming bidez

eitb.eus-ek danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak prestatu duen atari berezian.