telebista
00:15ean
Urte berriari hasiera emateko, 'Go!azen 2020' saio berezia, gaur, ETB1en
EiTB
Zuriñe Hidalgok aurkeztuta, 'Go!azen'eko garai ezberdinetako aktoreek telesaileko abestirik ezagunenak kantatuko dituzte abeslari ospetsuekin batera.
Gabon Zahar gauean, urte berriaren hasiera ospatzeko 'Go!azen 2020' saio berezia eskainiko du ETB1ek, kanpaien ostean, 00:15ean. Zuriñe Hidalgok aurkeztuta, 'Go!azen' telesaileko garai ezberdinetako aktoreek telesaileko abestiak eta euskal herriko klasiko batzuk kantatuko dituzte abeslari ospetsuekin batera. Horien artean, Alex Sardui, Xabi Solano, Maider Zabalegi, Roberto Moso, Mikel Markez, Iker Lauroba, Sonakay eta Modus Operandi abeslari eta taldeak arituko dira Gabon Zaharreko saio berezian.
Andrea Mora (Sara), Xabi Rodríguez (Aimar), Kimetz Renteria (Gabo), Lorea Intxausti (June), Dánae Riaño (Maddi), Maria Redondo (Zuri), Nikola Zalduegi (Eneko), Xanti Korkostegi (Igor), Esti Lopez (Eider) eta Markel Sainz (Danel), aurtengo 'Go!azen'eko aktoreak, eta Iholdi Beristain, Asier Burguete, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola aurreko urteetako aktoreak eszenatoki gainean arituko dira abeslari ospetsuekin batera euskal abesti ezberdinen moldaketak eskainiz.
Modus Operandiko Iñaki Ortiz de Villalbarekin 'Gora gure bihotzak' abestu eta dantzatuko dute; Maider Zabalegirekin, 'Zirrara', eta Zuriñe Hidalgorekin Hesian taldearen 'Sua eta Bihotza' kantaren moldaketa egingo dute.
Sonakay taldeak ere hartuko du parte 'Go!azen 2020' saioan, 'Txoria Txori' kantaren bertsio berezi bat kantatuko dute. Roberto Mosorekin, berriz, Zarama taldearen 'Zein urrun dagon Kamerun' abestuko dute.
Alex Sarduiren konpainian 'Salto' kantatuko dute, Mikel Markezekin 'Konplixe ditut', eta Xabi Solanorekin, 'Erre Zenituzten' eta 'Argitzeraino' kantak abestu eta dantzatuko dituzte.
Itziarren Semeak taldeko Ibon Altunarekin 'Zer den bizitza' eta Iker Laurobarekin 'Gu' kantak ere entzungo ditugu Gabon Zahar gaueko saio berezi honetan. Halaber, Aritz Mendiolak eta Ainhoa Larrañagak Berritxarrak taldeko 'Katedral bat' abestuko dute, eta 'Bago!az' saioko hiru irabazleek, Iholdi Beristain, Maria Redondo eta Dánae Riañok, elkarrekin, Ken7 taldearen 'Ilargia' abestuko dute. Asier Burgetek bere aldetik, 'Diruaren hotsa' abestia kantatuko du, Markel Sanz pertsonaiaren paperean sartuta.
Horrez gain, aktoreek elkarrekin 'Go!azen' telesaileko abestirik ezagunenak kantatuko dituzte, horien artean, 'Go!azen' eta 'Zatoz Gurekin'. Gainera, Niko Etxarten 'Euskal Rock &Rolla' ere abestuko dute.
'Go!azen 2020' Gabon Zahar gauean izango da ikusgai, 00:15ean ETB1en eta eitb.eus-en.