telebista
22:15ean
Haurren obesitateaz, gaur, '360º' saioan
EiTB
Arazoaren arrazoiak eta konponbideak aztertuko dituzte zenbait aditurekin.
-
Haurrak, ikasgelan. EiTBko bideo batetik hartutako irudia
Euskadin, 14 urtetik beherako adingabeen % 34k behar baino pisu handiago dute. Obesitateak gora egin du azken urteotan, osasun publikoarentzat arazo larri bihurtzeraino. Munduko Osasun Erakundearen arabera, epidemia bat da. Gai horri helduko dio ETB2ko '360º' saioak gaurko erreportajean.
Alde batetik, obesitatea duten bi gaztetxo ezagutuko dituzte, eta, bestetik, Iratxe Salcedo Osakidetzako pediatrarekin bilduko da Eider Hurtado.
Halaber, Nerea Segura dietista eta nutrizionistaren laguntzarekin, Bilboko bi ikastetxe bisitatuko dituzte, errealitate sozioekonomiko ezberdina dutenak. Izan ere, azken ikerketen arabera, maila sozioekonomiko baxuagoa duten familietan bizi direnei eragiten die gehien obesitateak. Hori horrela ote den galdetuko diote Ferran Garcia Justicia Alimentaria gobernuz kanpoko erakundeko kideari.
Bestalde, jaki osasuntsuen inguruan mintzatuko dira Andoni Garcia EHNE eta COAG sindikatuetako kidearekin.
Haurren obesitateari aurre egiteko modurik ote dagoen aztertuko dute, beraz, gaur, '360º' saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.