telebista
Abenduak 3
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute EiTBko hedabideek gaur
EiTB
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute arratsaldean Bilbon egingo den ekitaldia, eta, aurretik, 'Bai, bagara!' dokumentala izango da ikusgai. Irratiek ere, eduki bereziak izango dituzte.
-
Iazko Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi ofizialeko irudia
Urtero legez, EiTBko hedabideek bat egingo dute gaur ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin. ETB1ek eta eitb.eus-ek Bai, bagara! dokumentala eskainiko dute 18:00etan, eta, ondoren, zuzenean, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldi instituzionala, Xabier Sukia Euskadi Irratiko kazetariaren kontakizunarekin.
Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatu eta Eider Etxeandiak musikaz eta Asisko Urmenetak marrazkiz jantziko duten ekitaldia 19:00etan hasiko da. Iñigo Urkullu lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak hartuko dute parte bertan. Horrez gain, hainbat gonbidatu berezi izango dituzte: Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusia, Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzailea eta nazioarteko bi ordezkari: Durk Gorter ikertzailea eta Cisa Crespo historialaria.
Ekitaldiaren aurretik, 18:00etan, Bai, bagara! dokumentala izango dugu ikusgai. Iñaki Goirizelaiak euskal berezitasunaren inguruan egindako hausnarketa da. Bertan, euskaldunen balioak azaltzen ditu, euskaldunek AEBra egindako emigrazioa jorratzen duen bitartean. Road movie honetan, ekintzaileen dozenaka istorio bildu dira galdera honi erantzutea helburu: nortzuk gara?
Miren Azkarate, 'Gure Kasa' saioan
Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, euskaltzain bat izango da 'Gure Kasa'ko gonbidatua: Miren Azkarate. Euskara zaintzeaz gain, kultura eta beste hainbat altxor ere zaintzen ditu. Eusko Legebiltzarreko bozeramaile izandakoa da, eta hizkuntzalaria, euskaltzaina, idazlea, aurkezlea eta unibertsitateko irakaslea ere bada. Mirenen ibilbide profesionala errepasatuko dute saioan, baita euskarak egun bizi duen egoera aztertu ere.
Jon Garate, Maddalen Arzallus eta Joseba Beloki sorpresaz beteta etorriko dira. Garate kalera irten da euskararen egoera aztertzera. Gainera, Goenkalek esana tartean, Euskal Telebistako telesail ezagunenaren bitxikeriak ekarriko dizkigu. Maddalen, berriz, abestien zaindari lanetan, euskararen inguruko abestien bila joan da Getariara. Azkenik, Belokik beste aspaldiko aurpegi ezagun bat bisitatu du: Joxerra Gartzia.
Euskararen Eguna irratietan eta webgunean
Orobat, EiTBko irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea) arreta berezia eskainiko diote euskararen egunari. Albistegietan euskararen eguneko ekitaldi nagusiei jarraipena egingo diete, eta, halaber, eduki bereziak izango dituzte.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua 'Faktoria' albistegian izango da. 09:30ean, elkarrizketa egingo dio Maite Artolak. Ondoren, 'Faktoria' magazinean, gazteek euskara erabiltzeko duten ohiturari edo ohitura ezari erreparatuko diote, eta Finlandiako Euskal Etxera joko dute han nola bizi duten jakiteko.
Eduki guztiak eitb.eus web orrialdean egongo dira ikusgai eta entzungai.