Itxi

telebista

Estreinaldia

'#Basquexperience', turismoari buruzko saio berria, gaur, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Adela Gonzalezek aurkeztuko duen programa berria Euskadin turismo aktiboa sustatzea du helburu.

  • Adela Gonzalez '#Basquexperience' saioaren aurkezlea.

    Adela Gonzalez '#Basquexperience' saioaren aurkezlea. Irudia: EiTB

ETB2k Adela Gonzalezek gidatuko duen '#Basquexperience' programa berria estreinatuko du gaur, eta denetariko esperientzia turistiko eta jasangarriak eskainiko ditu astero. Turismo Sailak sustatutako '#Basquexperience' programaren helburua gure lurralde eder honetan turismo aktiboa bultzatzea da.

'#Basquexperience'k turismoak euskal ekonomia sustatzeko duen garrantzian jarriko du azpimarra. Badakigu eremu honetan dihardutenentzat eta beste sektore batzuetan ari direnentzat pizgarria dela turismoa; merkataritza, ekoizle txikiak, artisautza eta sormenaren alorrean ari diren enpresentzat, esate baterako.

Halaber, saioak sektore horietako garapenari eta jasangarritasunari loturiko turismo-eskaintza nabarmenduko du.

Atal bakoitzak turismoarekin zerikusia duen gai bat izango du ardatz: 'Enoturismoa', 'Euskal itsasertza', 'Industria turismoa' eta abar.

Pertsona ezagunek ere hartuko dute parte saioan. Anfitrioiak izango dira batzuetan, eta Adelarekin turismo esperientziak biziko dituzten gonbidatuak, beste batzuetan. Esate baterako, Oscar de Marcosek txango bat egingo du Guardian bizikletan, Aitzol Atutxa aizkolaria bizartegi moderno batean ikusiko dugu eta Garazi Sanchez surf txapeldunarekin itsasontzian ibiliko dira.

Sukalde kontuek ere izango dute tartea bertan. Hainbat alderditatik landuko du saioak gastronomia, eta hemengo sukalde eta lehengaien erakargarritasuna ikusgarri egingo du. Adibidez, Araban trufa bildu, eta Sukalki jatetxean prestatuko dute, Maisor kontserba-etxean ontziratuko dituzten antxoa gozoak jango dituzte, eta parrilan erretako sardinak, Santurtzin.

Azken finean, programaren asmoa ikus-entzuleei Euskadik duen eskaintza zabala erakustea da, proposamenen kalitatea eta jasangarritasuna kontuan hartuta.

Lehen atala, 'Made in Euskadi'

Igande honetan, azaroaren 17an, euskal ukitua duten produktu eta eSperientziak azalduko ditu saioaren lehen atalak. Adela Gonzalez Euskadin dastatu daitezkeen kalitatezko eta 0 kilometroko produktuen bila abiatuko da.

Hasteko, kaiku tradizionalak berritu eta modernizatu dituen Getariako Amarenak markako arropekin jantziko da Adela, eta Oihane Pardo diseinatzailearekin antxoak ontziratzen ikasiko du Maisor, tradizio handiko Getariako kontserba-enpresan.

Halaber, Bilboko komertzio eta denda txikietan barrena murgilduko da gure aurkezlea, eta Aitzol Atutxa aizkolariarekin batera, bizartegi moderno batera joango dira. Amaitzeko, trufen bila joango dira txakurren laguntzaz eta Gasteizko Sukalki jatetxean amaituko dute, lortutako trufak prestatu eta gustura dastatzeko.

'#Basquexperience' gaur izango da ikusgai 23:15ean ETB2en eta eitb.eus-en.