Itxi

telebista

FIKZIOA EITB-N

ETB 'Ihesaldia' telesaila prestatzen ari da

1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera du oinarrian lan honek.

  • 'Ihesaldia' telesailaren kartela.

    'Ihesaldia' telesailaren kartela. Irudia: EiTB

1976. urtean, Basauriko kartzelako preso batzuek bertatik ihes eginda baleude bezala egin zuten. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Hain zuzen ere, horixe da ETB prestatzen ari den 'Ihesaldia' telesailaren abiapuntua. Abenduan izango da ikusgai ETB1en.

Jabi Elortegik zuzendu eta Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoitzitako fikzioaren protagonistak hauek dira: Iñigo Aranbarri (Peio Arzamendi), Xabi Perurena (Josean Uriondo), Xabi 'Jabato' López (Diego Rojas 'Fugas'), Aitor Borobia (Julian Izagirre), Jon Ander Alonso (Xabi Garcia de Ibar), Aitor Beltran (Mikel 'Beltza'), Nerea Gorriti (Ana Duo), Miren Arrieta (Mertxe) eta Paco Revueltas (Juarez kartzelako zuzendaria).

Basauriko kartzelan dauden bost presok ihes egin dutela sinetsaraziko diote mundu guztiari. Haatik, asteak pasatuko dituzte teilatuko zulo batean ezkutatuta, egunez lo eginez eta gauez tunela zulatzen.

Egiazko historia bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi dituen ETAren zuzendaritzaren presioak; ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa ihesaldiak bere lan-ibilbideari kalterik egin ez diezaion.

Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea sortu dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dira, eta protagonisten izenak aldatu egin dituzte.