Itxi

telebista

ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en

'40 taupada, herri bat' dokumentala ETB2n izango da ikusgai gaur

Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenaren karietara, Estatutuak emandako eskumenak aztertu eta errepasatu egiten du dokumentalak hainbat esparrutako lagun esanguratsuen laguntzaz.

  • '40 taupada, herri bat' dokuementalaren irudi bat

    '40 taupada, herri bat' dokuementalaren irudi bat. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenaren karietara, 40 taupada, herri bat dokumentala estreinatu du ETBk. ETB1en emititu ondoren, gaur ostirala, ETB2n izango da ikusgai. Ikus-entzunezko honek Estatutuak emandako eskumenen azterketa eta errepasoa egin du hainbat esparrutako lagun esanguratsuen partaidetzaz.

Gernikako Estatutua sinatu zela 40 urte betetzen direnean, auzolanean bizi nahi duen herria garela gogoratu du 40 taupada, herri bat dokumentalak. Iban Gonzalez zuzendari duela, Baleuko ekoiztetxeak ETBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortu du ikus-entzunezkoa.

Arin, presaka, azkar, bizkor bizi gara, gure bihotz taupadak arin doaz, baina ez diogu inguratzen gaituenari erreparatzen, ez dugu sentitzeko tarterik hartzen. Baina une batez hartuko bagenu? Hori da 40 taupada, herri bat dokumentalak proposatzen digun ariketa; une batez gelditzeko eskatzen digu, arnasa hartzeko eta gure gizarteak bizi duen ongizate maila baloratzeko.

Duela 40 urte abian jarritako Gernikako Estatutuak hainbat eskumen eman dizkigu. Eskumen horiek gure egunerokotasunean barneratuta ditugu jada. Baina ba al dakigu zein onura ekarri dizkigun? Gure eguneroko abiadurak galarazi egiten digu herriaren taupadei entzuten. Geldi gaitezen une batez, zer garen eta nola bizi garen ikusteko. Euskadiko leku ezberdinetan ikuspegi ezberdinak ikusiko ditugu alboan dugunari begiratuz.

Dokumentalak irudikatuko duen herria 10 eremuk osatuko dute, Estatutuko hamar eskumenekin bat datozenak: hezkuntza, kultura, kirola, zaintza eta segurtasuna, garapen ekonomikoa eta ikerkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, euskara, komunikabideak eta gizarte garapena.

Eremu bakoitzean murgiltzeko, elkarrizketa eta bizipen subjektibo bat jasoko du saioak, eta hauek izango ditu gonbidatu: Enrique Zuazua matematikaria, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Maddalen Arzallus bertsolaria, Jon Salvador atleta eta ertzaina, Joseba Aranzabal Osakidetzako Trasplanteen koordinatzaile nagusia, Sandra Ramajo Realeko jokalaria, Xabi Uribe-Etxebarria ekintzaile eta Sherpa.ai enpresako zuzendaria, Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendaria, Telmo Irureta aktorea eta Jon Maya dantzari eta koreografoa.

Gaur gauean, ETB2n, 22:15ean ikusi ahal izango da. Orobat, bi emanaldiak eitb.eus-en ere ikusi ahalko dira.