telebista
11:30ean
'En Jake'ren denboraldi berria abian da, ETB2n
EiTB
Xabier Lapitzek aurkeztuko du saioa, astelehenetik ostiralera, 11:30etik aurrera.
-
Xabier Lapitz, 'En Jake' saioko aurkezlea. Irudia: EiTB
'En Jake' saioak bosgarren denboraldiari ekin dio astelehen honetan, irailaren 2an. Xabier Lapitzek gidatzen duen saioak Euskal Herriko eta Estatuko egun-eguneko informazio politiko eta ekonomikoa aztertuko ditu astelehenetik ostiralera.
Denboraldi berri honetan landuko diren gaien artean, besteak beste, honako albiste hauen jarraipena egingo dute: Procès auziko epaiketaren sententzia, Espainiako Gobernua eratzeko negoziazioak, Euskadiko Aurrekontuen onarpena eta 2020ko hauteskunde autonomikoak.
Kurtso politikoaren hasierarekin batera jarri da martxan 'En Jake' saioa. Lehendakariak akordioak lortzearen garrantzia nabarmendu du Espainiako Gobernua eratzeko elkarrizketez ari zela. Izan ere, Pedro Sanchezek irailaren 23ra arte du inbestidurarako akordio bat lortzeko, berriz ere hauteskundeak deitu nahi ez baditu. Saioak, gainera, Altsasun asteburuan ospatu den Ospa Egunean gertatutakoa aztertu du.
Leire Torres kazetariak bertatik bertara emango du azken ordukoa egunero Madrildik zuzenean, eta Maitane Bastidak, bere aldetik, Euskadiko gaiak jarraituko ditu.
Egun-eguneko gaien informazioa eta analisia, astelehenetik ostiralera, ETB2ko 'En Jake' saioan, 11:30ean.