telebista
Bilboko Aste Nasgusia 2019
Bilboko Aste Nagusiari jarraipen zabala, EiTBn
EITB
Jaiei hasiera emango dien txupina eta gaueroko su artifizialak zuzenean eskainiko dira.
-
Marijaiaren etorreraren irudia ETBn.
2019ko Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo du EiTBk abuztuaren 17tik 25ra bitartean.
Urtero bezala, zuzenean eskainiko dira, ETB2n eta eitb.eus-en, jaiei hasiera emango dien txupina eta Marijaiaren harrera Bilboko Arriaga Antzokian. Horrez gain, 'Bilboko Aste Nagusia 2019' saioak su artifizialak eskainiko ditu gauero, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere Aste Nagusiaren hasierako txupina eskainiko dute zuzenean, eta festak irauten duen bitartean, jai-giroaren eta Aste Nagusiko ekitaldien egun eguneko informazioa emango dute.
Marijaia 2019
Larunbat arratsaldean, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean bat egingo dute Bilboko Aste Nagusiaren hasiera ekitaldiarekin.
18:00etatik aurrera, zuzen-zuzenean arituko dira Kaitin Allende eta Ander Iribar kazetariak Marijaiari ongietorria ematen, eta Arriaga Antzokian abiatuko den jaiari buruzko kontakizuna egingo dute.
Bestalde, Odei Esnaola kazetariak kaleko giroaren berri emango du, eta Arriaga Plazara joandako jendearekin egongo da, unearen zirrara eta giroa jasotzeko.
Arriaga antzokiaren barruan, gainera, Maite Eskarmendik bertara joan diren pertsonaia ezagunak elkarrizketatuko ditu, besteak beste, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Bea Sever pregoilaria eta Itsasne Nuñez txupinera. Horrez gain, Pedro Santa Cruz jaien hasieran Marijaia balkoitik dantzan jartzen duen lagunarekin, Toño Valdivieso Marijaiaren sastrearekin eta Aste Nagusiarekin harreman zuzena duten beste protagonista batzuekin egongo da Maite: Bilboko Konpartsaetako kideekin, West Side Story antzezlaneko aktore protagonistekin, eta Titiritero Nagusia kofradiako Antonio Bastero Rey eta Bibote Nagusia kofradiako Manu Iturregi Legarretarekin, besteak beste.
Horrez gain, erreportaje ezberdinak eskainiko dituzte, eta Bilboko alde zaharrean eta txosnetan dagoen giroaren berri emango dute.
'Bilboko Aste Nagusia 2019' saioa, gauero
Datorren igandetik aurrera, abuztuaren 18tik aurrera, ETB1ek 'Bilboko Aste Nagusia 2019' saioa eskainiko du gauero, Agustin Ezenarrok eta Ilaski Serranok aurkeztuta. Bilboko Aste Nagusian zehar, Bizkaiko hiriburuan izango den giroaren berri emango du saioak, 22:00etan.
Gauero, Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXIX. Lehiaketa Nagusiko ikustaldiak eskainiko ditu saioak zuzenean. Horrez gain, egunean zehar izango diren ekitaldien inguruko erreportajeak aurkeztuko ditu, eta gonbidatu bereziak ere izango ditu. Iñigo Agirre kazetariak zuzeneko konexioak egingo ditu Bilboko puntu desberdinetatik eta egunean zehar jaietan izandako giroaren berri emango du. Berarekin batera, Jaione Carpintero kazetariak ere eskainiko ditu Aste Nagusiko ekitaldi ezberdinen inguruko erreportaje bereziak.
Aste Nagusiaren azken egunean, gainera, abuztuaren 25ean, 'Agur Marijaia' ekitaldia eskainiko du saioak, zuzenean.
Euskadi Irratia eta Radio Euskadi
EiTBko irratiek ere zuzenean eskainiko dute txupinazoa. Euskadi Irratian Leizuri Bilbaok egingo du kontakizuna, eta Radio Euskadin, berriz, Galder Perezek. Aste Nagusian zehar, egunero izango du jaiak bere tartetxoa Euskadi Irratiko 'Blai' eta 'Txiriboga' saioetan, eta Radio Euskadiko 'Entre Calles' eta 'Graffitti' tarteetan, eta Kaitin Allende arduratuko da jai-giroaren berri emateaz.
Horrez gain, astelehenan, abuztuaren 19an, Euskadi Irratiko 'Udako Faktoria' (09:00etatik 12:00etara) eta 'Graffiti' (17:00etatik 19:00etara), Bilboko kaletik bertatik egingo dira, Venezuela plazan jarriko den set berezitik, hain zuzen ere.