Itxi

telebista

22:15ean

Markel Irizar txirrindularia protagonista, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Ibilbide profesionala utzi aurreko uneak eta bere alderik pertsonalena ezagutuko ditugu, 'Bizipoz, bakarra eta errepikaezina' erreportaje berezian.

2:04
Markel Irizarren familia, dokumentalean.

Gaur gauean, Markel Irizar txirrindulariari buruzko Bizipoz, bakarra eta errepikaezina erreportajea eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 22:15ean. Saioak Oñatiko txirrindulariaren 16 urteko ibilbide profesionala errepasatuko du, eta bere alderik pertsonalena ezagutuko du, senideen eskutik, Markel Irizarren talderik maitatuena bere familia baita.

Etxekoek protagonismo handia izango dute erreportaje osoan zehar: emazteak, hiru semeek eta amak txirrindulariaren alderdi pertsonalena erakutsiko digute. Halaber, bizipoz lelopean, zer-nolako baloreak transmititu nahi izan dituen barneratzeko parada izango du saioak.

Irizarrek aurreko larunbatean, abuztuaren 3an, amaitu zuen bere ibilbide profesionala, Donostiako Klasikoan, eta Euskal Telebistak gertutik jarraitu zituen azken ordu horiek. Emozioz beteriko uneak izan ziren Markelentzat. Agur esan aurreko momentuetan izan zen ETB-rekin, eta, besteak beste, azken gaua eta taldekideekin egindako azken gosaria nolakoak izan ziren erakutsiko du erreportajeak. Halaber, txirrindulariek goi-mailako lehia nola bizi duten ikusiko dugu.

Horrez gain, Oñatin egin zioten omenaldia ere gertutik jarraitu zuen Euskal Telebistak, eta horren gertuko txirrindulari eta taldekideek Markelekin igarotako urteak nola gogoratzen dituzten azalduko dute.

Emozioak, une gozoak eta bizitzari buruzko irakaspenak nahasiko dira erreportaje osoan zehar. Irria eta umorea galdu gabe bizitza gogor bati nola aurre egin erakutsiko digu Markelek.