telebista
Zinema euskaraz
'Open Windows' Nacho Vigalondoren filma, gaur, ETB1en
eitb.eus
Erredakzioa
Ingelesez filmatutako ekoizpen handia da 'Open Windows', eta Elijah Wood eta Sacha Grey dira pelikularen protagonista nagusiak.
ETB1ek Open Windows suspense film futurista eskainiko du gaur gauean, 22:15etik aurrera. Ingelesez filmatutako ekoizpen handia da Open Windows, eta Elijah Wood eta Sacha Grey dira pelikularen protagonista nagusiak.
Nick izeneko mutil bat zorionekoa izango da, momentuko aktore kitzikagarriena, Jill Goddard, ezagutzeko aukera irabaziko baitu lehiaketa batean. Baina bat-batean, Chrod izeneko tipo batek Jillek hitzordua bertan behera utzi duela esango dio Nick gizajoari. Ordainetan, bere ordenagailu pertsonalaren bitartez aktorea espiatzeko aukera emango dio.
Kantabriako Cabezón de la Sal herrian jaio, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Nacho Vigalondok. Ikus-entzunezko ikasketak bukatu ez arren, film laburrak egiten hasi zen, eta Goizeko 7:35 film laburrarekin 2004ko Oscar sarietarako izendapena lortu zuen.