Itxi

telebista

Arrauna

Gaur hasiko da traineru estropaden denboraldia ETBn eta eitb.eus-en

EiTB

Lekeitioko Ikurrina denboraldiaurreko probarekin ekingo diete ETB1ek eta eitb.eus-en arraun emankizunei. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak osatuko dute esatari taldea.

  • Lekeitioko Ikurrinarekin hasiko da arraun denboraldia EiTBn.

    Lekeitioko Ikurrinarekin hasiko da arraun denboraldia EiTBn.

Igande honetan Lekeitioko Ikurrina eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Emakumeen eta gizonezkoen denboraldiaurreko proba honekin abiatuko da traineru estropaden denboraldia Euskal Telebistan eta eitb.eus-en. Mikel Olazabalek gidatuko ditu emanaldiak Ibon Gaztañazpirekin batera, eta Sara Gandarak protagonisten hitzak bilduko ditu uretatik bertatik. Nabarmentzekoa da aurtengo emanaldietan protagonismo handiagoa emango zaiela arraunlariei.

Ekainaren 9tik irailaren 15era bitartean 29 emanaldi egingo dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek. Igandekoaz gain, Eusko Label eta Euskotren liga osoak, KAE eta ETE ligetako (2. maila) hiru proba, Euskadi eta Espainiako txapelketak, eta Donostiako Bandera eskainiko dira zuzenean.

Igande honetan Lekeition jokatuko den denboraldiaurreko probaren emanaldia 11:30etik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Hurrengo igandean, hilak 16, Pasaiako Bandera eskainiko da (KAE eta ETE ligetako estropada).

Aurtengo Eusko Label Liga ekainaren 22an hasiko da Bilboko Banderarekin. Hurrengo egunean, hilak 23, Zierbenako uretan jokatuko den Petronor Bandera izango dugu ikusgai.

Ekainaren 29an jarriko da abian Euskotren Liga. Astilleroko Bandera izango dute jokoan Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek egun horretan. Hurrengo egunean, berriz, Lekeitioko Bandera.

Bi liga nagusieko zazpi estropada jokatuko dira uztailean: Coruñako Bandera (6 eta 7), Donostiarra Kaiarriba Bandera (13), CaixaBank Bandera (14), Orioko Bandera (20), Sestaoko Bandera (21), Santurtziko Ikurrina (27) eta Getxoko Ikurrina (28).

Uztaileko egutegia bi emanaldi hauek osatuko dute: KAE eta ETE ligetako Lekeitioko Banderak (25) eta Hondarribian jokatuko den Euskadiko Txapelketak (31).

Euskadikoaren ondotik Espainiako Txapelketa etorriko da, abuztuaren 4an. Hurrengo asteburuan, abuztuak 10-11, Ondarroako eta Hondarribiko banderak eskainiko dira hurrenez hurren, eta 17-18ko asteburuan Zarauzko Ikurrina izango da jokoan. Hilaren 24 eta 25ean Galiziako uretan ibiliko dira arraunlariak: Bueu (Pontevedra) eta Boiro (A Coruña) herrietan. Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak izango dira bost bandera hauek.

Azkenik, abuztuaren 15ean Castroko Bandera eskainiko da (KAE eta ETE ligetako proba) eta hilaren 29an Donostiako Banderaren sailkatze estropada. Iraileko lehen bi igandeetan (1 eta 8) erabakiko da bandera preziatua nork eramango duen.

Denboraldia amaitzeko, irailaren 14 eta 15ean play-offak eta Bermeoko Ikurrina eta El Corte Ingles Bandera izango dira ikusgai.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Arrauna
  • Telebista