Itxi

prentsa oharrak

'Hiru Kantari Gogoan'

Imanol, Lete eta Laboak eskainitako kontzertuak, Aste Santuan ikusgai

A.E.

Ostegun, igande eta astelehenean, gaueko hamarretan.

Aste Santu honetan Euskal Telebistaren lehen kateak ''Hiru Kantari Gogoan'' eskainiko du hiru egunetan zehar, gaueko hamarretako, ordu egokian beti ere. Imanol, Xabier Lete eta Mikel Laboak eskainitako kontzertu bikainen berrargitaralpena izango da, ''Sautrela'' saioko taldearen eskutik. Hiru kontzertu gogoangarri, euskal musika eta kantagintzan zedarri izan direnak hiruak ere.

Imanolen batek emango dio hasiera hilaren 21ean, Ostegun Santu egunean, esan bezala 22:00etan. 1992ko kontzertu bat da, Donostiako Printzipal antzokian eskainitakoa. Berarekin usu ibili ohi ziren hiru musikarik laguntzen diote bertan: Karlos Gimenez pianoan, Txema Garces baxuan eta Josetxo Goia saxofoian. Imanolen kantutegiko abestirik ospetsuenak eskaintzen dira bertan: ''Zure bularretan'', ''Ni poeta kaxkar bat naiz'', ''Barne kanta''...

Kontzertuetatik bigarrena, apirilaren 24an, igandean, emitituko dena, Mikel Laboak 1999garren urtean Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskaini zuena da. Bi zati dauzka. Lehenengoan, bere betiko musikariek lagunduta ageri da Laboa, Salvador pianojolea eta Silgueiro saxofoi jolearekin, besteak beste. Baina kontzertuaren bigarren zatian, Euskadiko Gazte Orkestra eta Donostiako Orfeoia ditu lagun eta Laboaren emanaldien artean gailur izan zenetakoa ikus dezakegu. ''Txoria txori'', ''Haize Hegoa'', ''Gernika''... dira eskaini zizkigun kantuetako batzuk.

Zikloa ixten duen azkena, apirilak 25ean, astelehenarekin, emitituko da. Xabier Letek eta Antton Valverdek duela 20 urte juxtu Oiartzungo Madalensoron eskaini zuten emanaldi gogoangarria da, non Lete oparo bat ageri den, ez bakarrik kantatzen, baizik eta kantuen arteko hizketaldi zoragarriak eskaintzen. Antton Valverdek gogoratuko digu hori guztia gaurko egunetik, kontzertuaren aurkezpenerako Hasier Etxeberriarekin duen elkarrizketa laburrean. ''Ni naiz'', ''Habanera'' edo ''Xalbadorren heriotzean'' dira entzun ahal izango ditugun kantuetako batzuk.

Aste Santu honetan ''Hiru Kantari Gogoan'' izango ditu Euskal Telebistak. Hiru kontzertu, hirurak ere ez ahazteko modukoak, eta zeuk ere gozatzeko aukera izango duzu hiru egunez, atsegin baduzu.