Itxi

telebista

Saio berria

Maiatzaren 5ean estreinatuko da 'Handitzen, Handitzen' ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuko du programa igandero, eta bost edo sei laguneko haur taldeak izango ditu lagun.

1:24
'Handitzen Handitzen' saio berria, maiatzaren 5ean, EiTBn.

Zuhaitz Gurrutxagak 'Handitzen, Handitzen' saio berria aurkeztuko du ETB1en eta eitb.eus-en igande gauetan, maiatzaren 5etik aurrera. Zuhaitzek bidelagun izango dituen bost edo sei laguneko haur taldeak izango dira saioaren protagonistak, eta Euskal Herriko leku enblematikoetan barrena murgilduko dira elkarrekin.

Abentura eta bizipen ahaztezinak biziko dituzte toki ezberdinetan, eta, besteak beste, Donostia Ospitalea, Gure Zirkua, Maria Cristina hotela eta suhiltzaile-parke bat bisitatuko dituzte denboraldian zehar.

Alde batetik, txoko edo eraikin horretan egindako egun-pasaren kontaketan oinarrituko dira. Zuhaitzek gidatuta, haurren jakin-min inuzentetik abiatuko dira leku bakoitzari lotutako pertsonaia bereziak ezagutzeko, eta haurren ikuspegitik azalduko dute helduen mundua. Atal bakoitzean, haur talde ezberdina izango du Zuhaitzek bidelagun.

Ondorio gisa, ikuskizun berezi bat antolatuko dute bisitatutako tokian bertan eta egunean zehar ezagututako pertsonaien aurrean. Bisitari amaiera hunkigarri eta umoretsua ematea izango da helburua, Zuhaitzek eta haurrek prestatutako ekitaldiaren bitartez.

Lehen atalean, Donostia Ospitalea barrutik ezagutzeko aukera izango dute protagonistek. Irei, Izar, Irantzu, Maddi, Aratz eta Oneka haurrek hainbat bizipen izango dituzte, eta ospitale baten funtzionamendua eta bertako profesionalen lana euren ikuspegitik erakutsiko digute.

'Handitzen, Handitzen' saio berria maiatzaren 5ean estreinatuko da, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak utzitako tartean.