telebista
Txirrindularitza
Euskal Herriko Itzulia, egunero, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Gaur Zumarragan hasi eta larunbatean Eibarren amaituko den lasterketa, arratsaldero izango dugu ikusgai, 15:00etan.
Aurten, apirilaren 8tik 13ra bitartean, Euskal Herriko Itzulia zuzenean ikusi ahal izango dugu ETB1en eta eitb.eus-en. Astelehenean Zumarragan abiatu eta larunbatean Eibarren amaituko den lasterketaren kontakizuna egingo dute arratsaldero, 15:00etan hasita, Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak. Berebat, errepidean gertatzen denaren berri emango digu egunero Alfontso Arroiok errepidetik bertatik, motorrean egingo baitu etapa guztien jarraipena.
Aspaldiko partez, erlojupeko batekin hasiko da Itzulia, Zumarragan. 11 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek lehen liderra erabaki eta gizonik indartsuenen artean aurreneko aldeak markatzeko. Bigarren etapak Zumarragatik Gorraitzera eramango ditu txirrindulariak. Ibilbidean, asfaltatu gabeko zenbait kilometro egin beharko dituzte.
Hirugarren egunean, Sarrigurenen abiatu eta Estibalizera iritsiko dira, eta azken hiru kilometroetan gorantz egingo dute. Aurtengo etaparik luzeenak bi mendate izango ditu: Goñi (2. mailakoa) eta Opakua (3. mailakoa). Laugarren jardunaldia Gasteiztik Arrigorriagara doana izango da. Ibilbidean lau mendate gainditu beharko dituzte, tartean, lehen mailako bat: Bikosgana.
Azken bi egunetan Eibar izango da ardatz. Ostiralean, urtero legez, Arrateko etapa ikusgarria jokatuko da, eta ibilbide laburra baina gogorra egin beharko du tropelak larunbatean. 118 kilometro baino ez, baina Azurki, Kortazar eta Asentzio gainak tartean. Sailkapen nagusia irauli nahi dutenentzat ibilbide aproposa.
Partaideen artean, hauexek dira azpimarratzeko modukoak: Julian Alaphilippe, denboraldi hasiera honetan zazpi garaipen lortu dituen gizona; Adam Yates, sasoi onean dagoen txirrindularia; Geraint Thomas, iazko Tourraren irabazlea; eta Nairo Quintana eta Kwiatkowski, atzerritarren artean. Euskaldunen artean, berriz, Mikel Landa, Izagirre anaiak, Pello Bilbao, Omar Fraile eta Mikel Nieve, besteak beste, duten onena ematen saiatuko dira.