Itxi

telebista

22:15ean

Adingabe transexualei buruzko 'Tránsito' dokumentala, gaur, '360º' saioan

EiTB

Bost adingaberen lekukotasunen bidez, euren errealitatearen berri izango dugu.

  • Adingabe transexualei buruzko 'Tránsito' dokumentala, gaur, '360º' saioan.

    Adingabe transexualei buruzko 'Tránsito' dokumentala, gaur, '360º' saioan.

Pertsona Transgeneroen Ikusgarritasunaren Egunarekin bat eginez, Eider Hurtadok, '360º' saioan, adingabeko transexualen errealitateari buruzko dokumentala aurkeztuko du gaur. Transexualitatea helduekin lotu izan ohi da historian zehar, baina geroz eta haur gehiagok argi eta garbi azaltzen dute txiki-txikitatik jaiotzean izan zuen generoarekin ados ez daudela.

Tránsito dokumentalak adingabeen errealitatea erakutsiko digu, bost gaztetxoren kontakizunaren bidez: David (6 urte), Estrella (11 urte), Raquel (14 urte), Mario (17 urte) eta Marta (23 urte), heldu bakarra. Batetik bestera igaro aurretik haur hauek bizi duten sufrimendua eta sarritan gurasoek bizi duten onartze prozesu zailak erakutsiko dizkigute lekukotasun hauek.

Davidek 6 urte ditu eta lehen Sara zuen izena. Sarak segituan esan zien gurasoei bera mutila zela, baina gurasoek ez zioten jaramonik egin. Baina berak bereari eutsi zion, eta horregatik, eta bere jokaera arraro eta goibelaz asaldatuta, gurasoak geroz eta arduratuago zeuden. 'Informazio bila jo genuen, esaten ziguna egia izan ez zedin', azaldu du amak; alaba transexuala izango ote zenaren beldur ziren. Egoera onartzeko prozesu luzea pasa ondoren, gurasoek umeari gertatzen zitzaiona bereganatu zuten. Azkenik, 5 urterekin transitu soziala egin zuen: David izena hartu zuen eta mutil bat bezala jantzi eta bizitzen hasi zen. David, gaur egun, oso zoriontsua da.

Estrella mutilezkoen genitalekin jaio zen, eta 8 urterekin egin zuen transitu soziala neska bat bezala bizitzeko. Gaur egun 11 urte ditu, baina sufrimendu handiz gogoratzen du 5 edo 6 urte zituenean bere desberdintasunaz ohartu eta eskolako patioko bazter batean eserita egoten zenekoa. Nahi bakarra zeukan: 'Eta neska bat izango banintz? 'Eta neska bat izango banintz?. Horixe eskatzen zion bere buruari. Heldutasun handiz, 'Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak daudela esaten du.' Behin aldaketa eginda mutil batek bezala ezingo lukeela bizi esaten du, 'ezinezkoa litzateke'.

Raquelek 14 urte ditu. Orain dela urte eta erdira arte Raul zuen izena. Ziurrenik adingabeko transexual baten bizitzako garairik zailenean dago: pubertaroan, aldaketaren garaian. Bat batean, 12 urterekin edo, gorputz guztian ileak zituela eta bizarra ateratzen zitzaiola konturatu zen. Bere buruaz beste egiten behin saiatu ondoren, une honetan blokeatzaile hormonalekin tratamendua egiten ari da, ezaugarri maskulinoen garapena gelditzeko.

Mariok 17 urte ditu. Urte bete eskas dela kontatu zien gurasoei bera ez zela neska, mutila baizik. Pubertaroa pasata zuenean, eta 16 urte baino gehiago bazituenez, berehala hasi zen testosteronarekin hormonatzen. Orain, mutil itxura dauka baina bada onartzen ez duen bere gorputzeko atala: bularrak. Programaren lan-taldeak bularrak kentzeko ebakuntzara lagundu zion.

Martak 23 urte ditu eta erizaintza ikasketak amaitu ditu. Mutil bat bezala bizi izan zen 18 urte bete arte, baina gaur egun neska baten bizimodu arrunta egiten du. Baginoplastia bat egin zuen eta egun emakume osoa sentitzen da. Nahi bat du bakar bakarrik: bera maiteko duen gizona topatu eta familia bat osatu.

'360º' saioa 22:15ean dago ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista