Itxi

telebista

'El Conquis'en 7. atala

Talde urdina desagertzear dago Ziortzak eta Gaztek saioa utzi ostean

EiTB

Ziortza David Secok kanporatu du bien arteko dueluan. Gaztek pista amerikarrean min hartuta utzi du saioa. Berdeek irabazi dute immunitatea eta Manu eta Seletaren arteko gerrak beste atal bat izan du.

  • Ziortza eta Gazte, "El Conquistador del Pacífico" saioaren 7. ataleko kanporatuak

    Ziortza eta Gazte, "El Conquistador del Pacífico" saioaren 7. ataleko kanporatuak

Enekoren eta Daviden talde urdinak porrot handia izan du "El Conquistador del Pacífico" saioaren 7. atalean. Gaztek eta Ziortzak agur esan ostean, Angoso taldeak bost lehiakide baino ez ditu, eta lau partaide zituzten taldeak abenturatik desagerrarazi dituzte orain arte.

Ziortzak duelura bere aurka joateko erronka egin dio David Secori, eta erabakia begi txarrez hartu dute kapitainek. Aurrerantzean, talde urdineko kideek Ziortzaren bide bera hartu eta kapitainen aurka egiten badute, bien arteko ika-mikak alde batera utziko dituzte Enekok eta Davidek dueluetan elkarri laguntzeko. Duelurako areriotzat taldekide bat aukeratzea ez da taldeko diziplina mantentzeko erabakirik onena, saria bateratzera arte immunitatea izatea bada ere. Berekoiegia izan da Ziortza ala bileran jasotako izendapenen ondorioz minduta zegoelako hartu du duelua Daviden aurka egiteko erabakia? Kontuak kontu, Busturiko lehiakidea kanpoan dago eta Gaztek ere etxerako bidea hartu du immunitate jokoan min hartu ostean. Proban igotzea hainbeste kostatu zaien aldapak ezusteko bat zuen jaitsieran, batez ere zartakoa leuntzeko hankak tolestu ez dituzten lehiakideentzat. Ziortzak eta Gaztek izan dituzte ondoriorik latzenak, baina talde urdina berriz ere ohartu da oso zaila dela Andonik lehian arreta jarrita mantentzea eta Luisito eta sua ez direla bateragarriak. Zuzia itzali egin zaie probaren erdian, eta arerioak aurretik izan dituzte une oro.

Bestalde, gorriek bigarren postua lortu dute, baina jasanezina egin zaie pista amerikarra. Manu zirkuituan zehar airean eramatea oso gogorra izan da guztientzat, eta Seleta bere onetik atera da. Berriatuko kapitainak guztiz neurrigabe jokatu du, eta Manuri burukada bat jotzeko zorian izan da. Maritxalarrek giroa baretu du jokoa bukatutakoan, eta, ondorioz, ez da ezer larririk gertatu. Dena den, bien arteko harremana hobetu ezean, giroa asko nahas daiteke, taldekide gorrien kalterako.

Azkenik, talde berdea zehaztasun handiz ari da. Patrik eta Nagorek oreka handia lortu dute, eta taldea sendotuz doa, astetik astera emaitza onak lortuta. Ikusteko dago zer gertatuko den gauzak bide txarretik joan eta izendapenak egiten hasten badira.

Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, EiTB Nahieran atarian atal guztiak daude ikusgai.