telebista
'El Conquis'en 6. atala
Labirinto izugarria, gaur, 'El Conquistador del Pacífico' saioan
EiTB
Labirintoaren immunitate jokoak ez du inor axolagabe utziko. Erabakigarria izango da kapitain bikoteen eta taldekideen arteko harremanetarako.
-
David Seco eta Manu Maritxalar elkar heltzen Labirintoaren jokoan
Labirintoa "El Conquistador" saioko abenturazaleak benetan nolakoak diren erakusten duten jokoetako bat da; agian horregatik da beldur eta gorroto gehien sorrarazten dituena. Horma estuen artean sortzen den nahaspilak muturrera eraman ohi ditu lehiakideak, eta horrela gertatuko da oraingoan ere. "Kalezuloetako" nahaste-borrastea erabakigarria izango da kapitain bikoteen eta taldekideen arteko harremanetarako.
Aldez aurretik, badirudi talde urdinak abantaila duela Eneko Van Horenbekeren eta David Secoren esperientzia eta labirintoetan izan dituzten emaitzak kontuan hartuta. Dena den, esan bezala, jokoa ez da hainbat urtez haserre egon ondoren adiskidetu berri den bikotearen egonkortasuna sendotzeko egokiena.
Talde gorriaren aldekoa ere izan liteke jokoa, agian talde urdinarentzat baino gehiago; izan ere, Manu Maritxalarrek harrokeriaz esaten duenez, labirintoaren proban parte hartu izan duen guztietan atera da garaile. Horren arabera, Seletak eta gainerako gorriek kasu egin beharko liekete boxeolari ohiaren gomendioei, baina badirudi ez dutela horrelakorik egingo.
Beraz, Patri Espinar eta Nagore Osoro izango dira asteko jokoan kaltetuenak, batek ere ez dutelako aurretik parte hartu desafio horretan. Hori oztopoa izan daiteke taldeari eskatu beharreko esfortzua, bizitasuna eta indarra neurtzeko orduan.
Kontuak kontu, labirintoak ez du inor axolagabe utziko, batez ere ikurrina eta kanpamentu aberatseko egonaldia lortzeko borrokan arituko diren lehiakideak. Giza zizarea osatuko duten lehiakideek ausardia handia erakutsi beharko dute.
Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieran atarian ikus daitezke.