telebista
22:30ean
'Camera obscura' filma, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
I.A. | eitb.eus
Familiak oso babestuta duen nerabe itsu bat du protagonista Maru Solores donostiarrak zuzendutako filmak.
Gaur gauean, Camera obscura filma izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Maru Solores zuzendari donostiarraren pelikula da, eta Jacqueline Duarte, Josean Bengoetxea, Víctor Clavijo eta Leyre Berrocal aktoreak azaltzen dira bertan.
Anek (Jacqueline Duarte) hamahiru urte ditu, eta itsu geratu da. Bere gurasoak (Leyre Berrocal eta Josean Bengoetxea) ebakuntzan pentsatzen ari diren bitartean, bera pubertaroan sartu da, eta galderak egiten dizkio bere buruari...
Familiak kostaldean duen etxean oporretan daudela, Antonio osaba (Víctor Clavijo) haize-bolada fresko baten modura iritsiko da. Lehenengo amodioaren uda da, eta lehenengo hilekoarena... Argazkilaritza zer den ikasiko du Anek Antoniorekin. Kamera eskuan duela, eguneroko gertaerak jasotzen hasiko da, inork ikusi edo erakutsi nahi ez dituen gauzekin topo egiten duen arte.
Ez galdu Camera obscura filma, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.