telebista
22:10ean
'Impunes y condecorados' erreportajea, gaur, '360º' saioan
EiTB
Inolako zigorrik jaso gabe jokatu izan duten polizia talde ezberdinen kasuak ekarriko dizkigu ETB2ko saioak.
'360º' saioak Impunes y condecorados izeneko erreportajea dakarkigu gaur, azaroak 11. Bertan, tortura kasuetan nahastuta egon diren hainbat pertsonak jaso dituzten omenaldiak eta esker oneko sariak aztertuko dituzte.
Horretarako, Iñaki Egaña historialariarekin egongo dira lehenik eta behin. Egañak primizian plazaratuko du zerrenda bat, Estatuko segurtasunerako talde ezberdinetako kideez osatua. 70 pertsona baino gehiago dira, tortura kasuetan edo gerra zikinean inplikatuta egoteagatik kondekoratuak izan direnak. Batzuei indultua eman diete.
Tartean daude Enrique Rodriguez Galindo jeneral ohia eta Intxaurrondon lankide izan zituen asko. Lasa eta Zabalaren erailketan eta oraindik argitu gabe dagoen Mikel Zabalzaren heriotzan inplikatuta egon arren, dominak jaso zituzten.
Galindoren esanetara lan egin zuen Antonio Aguayo guardia zibil ohiaren testigantza jasoko dute '360º' saioan primizian. Zortzi domina jaso zituen.
Bestalde, Joxe Arregiren heriotza gogoratuko dute. Gatibu zegoela jasandako torturengatik hil zen. Berarekin harremana izan zuten 72 polizietatik, bik jaso zuten soilik zigorra, eta gerora indultatu egin zituzten.
Yolanda Gonzalez bilbotarraren erailketagatik kondenatua izan zen Emilio Hellin Moro ultraeskuindarra non dagoen jakiten ere saiatuko dira Eider Hurtado eta bere lantaldea.
Billy el Niño ezizenez ezaguna zen Antonio Gonzalez Pacheco torturatzailea izan zen, baina bi aldiz kondenatu zuten soilik eta lau kondekorazio jaso zituen ondo lan egiteagatik.
Egungo zenbait kasu ere aztertuko dituzte, ETAko kide bat torturatzeagatik kondenatua izan den Manuel Sanchez Corbi guardia zibilarena adibidez. Egindako merituengatik 24 domina eman dizkiote eta mailaz igo dute behin baino gehiagotan.
'360º' saioa igandean, 22:10ean, izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB2n.