Itxi

telebista

14:30ETIK AURRERA

'Navarra Directo' saioaren estreinaldia, gaur eguerdian, ETB2n

EiTB

Susana Erroz kazetariak gidatuko duen saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai ETB2n, 14:30ean, 'Teleberri' albistegiaren aurretik.

  • Sandra Erroz, 'Navarra Directo' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB

    Sandra Erroz, 'Navarra Directo' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB

Gaurtik aurrera 'Navarra Directo' saioa izango dugu ikusgai Euskal Telebistan. Nafarroako Foru Erkidegoari bereziki zuzendutako aktualitateko saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 14:30ean hasita, 'Teleberri' albistegiaren aurretik.

Susana Erroz kazetariaren eskutik, saioak funtzio bikoitza beteko du: batetik, Nafarroako gaurkotasun politiko eta sozial eguneratuena helaraziko die bertako ikusleei, eta, bestetik, bizilagunen kezka nagusiei ahotsa jarriko die, bozgorailu lana eginez. Ekintza kulturalak ere errepasatuko ditu 'Navarra Directo'k. Gaian adituak diren kazetari talde batekin, jarduera esanguratsuenen berri emango du.

Saioak, gainera, sare sozialen alde egingo du ikusleekin komunikazioa sustatzeko tresna gisa. Facebooken eta Twitterren dituen kontuei esker, erkidegoko kideekin kontaktuan izango da une oro. Bestalde, saioaren eduki gogoangarrienak eitb.eus atarian izango duen orrialdean jasoko dira.

Erreportajeak, elkarrizketak, zuzeneko konexioak eta gehiago izango da 'Navarra Directo' saioan, gaurtik aurrera, 14:30ean hasita, ETB2n.

Radio Euskadin deskonexioak

Radio Euskadik ere gertutik jarraitzen du Nafarroan gertatzen denaren berri, eta hainbat deskonexio egiten ditu horretarako.

07:30ean, Mikel Donazarrek azken orduko albisteen berri ematen du 'Boulevard Informativo' saioan. Foru Erkidegoko albiste politiko, kultural eta lokalak helarazten dizkie entzuleei, eta Arnaitz Fernandezek errepideen egoera eta eguraldiaren aurreikuspenari buruzko informazioa ematen du.

Astelehenetan, kirol albisteak aztertzen ditu Aritz Agirrek, Rafa Aguilerarekin batera, 'Si Nos Confiamos' saioan, eta astero txandakatzen diren kolaboratzaile batzuen laguntza ere izaten du: Amaia Markotegi, Ruben Compains, Javier Urtasun, Iñaki Berastegi... Emakumezkoen kirolak ere badu bere tokia bertan. Joseba Sesma entrenatzaileak Osasunako nesken taldeari buruzko albisteen berri ematen du. Astero, elkarrizketa egiten dio taldeko kide bati, eta entzuleek partidari edo taldeen egoerari buruz duten iritzia ematen dute.

Larunbatetan, 10:00etan, 'Parlamento foral en las ondas' saioak gaurkotasun politikoa aztertzen du. Aritz Agirreren zuzendaritzapean, Nafarroako Parlamentuko alderdien bozeramaileek azken albisteen inguruan eztabaidatzen dute. Hilean behin, gainera, Iruñeko Udaleko zinegotziak biltzen dira bertako gaurkotasuneko albisteei buruz jarduteko.