Itxi

telebista

VxM Oslo

Oslo bisitatuko du 'Vascos por el Mundo' saioak gaur gauean

EiTB

Erika Barreras erreportariaren eskutik ezagutuko dugu Norvegiako hiriburua.

  • 'Vascos por el Mundo'k Oslon grabatutako saioa. Argazkia: EiTB

    'Vascos por el Mundo'k Oslon grabatutako saioa. Argazkia: EiTB

Gaur gauean, Oslora bidaiatuko du 'Vascos por el Mundo' saioak, Erika Barreras kazetariarekin. Bertan bizi diren euskaldunei esker, hiri bikingo honek ezkutatzen dituen sekretuak ezagutuko ditugu.

Matxalenek 35 urte ditu, eta lau daramatza Oslon. Portu ingurutik ibili ostean, iparraldera joango dira, Nordmarka ingurura. Bertan, Holmenkollen eski jauziak egiteko tokia bisitatuko dute, mende batez Norvegiako eski lehiaketak jokatzeaz gain, 1952an Neguko Joko Olinpikoak hartu zituena. Matxalenek tirolinan salto egingo du bertatik.

Iker 39 urteko bilbotarra da, eta orain bi urte joan zen hara. Osloko Operaren aurrean elkartuko dira berarekin, hiri modernoaren ikurra, eta Grondland auzoan barneratuko dira, bizikletak hartuta. Horren familia ezagutu ostean, Oslon oso ohikoa eta bitxia den zerbait egingo dute: tako mexikarrak afalduko dituzte.

Igor ere bilbotarra dugu, 41 urte ditu, eta horietako 10 Oslon igaro ditu. Haur hezkuntzan lan egiten du, eta hango eta hemengo hezkuntza sistemen arteko aldeei buruz aritu ostean, beste plan tipiko bat egingo dute Oslon bere familia euskaldunarekin eta bikingoarekin: aintzira batera joango dira txangoan, eta piknik bat egingo dute bertan.

Oier 35 urteko donostiarra da, eta urtebete inguru darama Norvegiako hiriburuan. Osloko udaletxearen aurrean egingo dute topo berarekin, eta Bakearen Nobel Saria bertan ematen dutela azalduko die. Sariak non ematen dituzten erakutsiko die, eta Grand Hotela barrutik eta kanpotik ezagutuko dute ondoren.

Ruthek 35 urte ditu, eta orain zazpi urte iritsi zen Oslora, bizimodu ezberdin baten bila. Galeria Nazionalean sartuko dira berarekin, munduko artelanik ezagunenetako bat ikustera: Edvard Munchen 'Garrasia'. Eguna amaitzeko, Txotx izeneko jatetxean afalduko dute; izen eta eskaintza euskalduna du, baina jabeak ez dira euskaldunak.

'Vascos por el Mundo' saioa ostegunero izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.