Itxi

prentsa oharrak

Asteazken honetan

'La Chanson de Roland' aurkeztu du EITBk

E.O.

EITB

Gaur, urtarrilaren 26an, dokumentalaren prentsarentzako emanaldia hartu du EITBren Bilboko egoitzak. Proiekzioa 12:00etan hasi da eta Olivier Van der Zee zuzendaria bertan izan da.

La Chanson de Roland pelikula dokumentala aurkezteko emanaldia antolatu du EITBk asteazken honetan, urtarrilaren 26an, Bilboko egoitzako Multibox gelan. Proiekzioa 12:00etan hasi da eta bertan, hainbat komunikabidetako kazetariez gainera, grabaketa taldeko zenbait kide, Olivier Van der Zee zuzendaria tartean, eta gonbidatu bereziak egon dira.

Ostiralean, urtarrilaren 28an, zinema aretoetan estreinatuko da. Olivier Van der Zee holandarrak zuzendutako lanak Orreagako guda aztertzen du. EITB, France Télévisions, Aragón Televisión eta Canal Historiaren arteko elkarlana da.

Denboran atzera egin eta Orreagako gudaren benetako istorioa erakustea bilatzen du filmak. 778an, Hispanian, Karlomagnoren gudariek egindako ekimena inguratzen dituen egoera eta baldintzak ere erakutsi nahi ditu. Horretarako, Espainia, Ingalaterra, Italia eta Alemaniako adituen laguntza izan dute, guda historikoa inguratzen duten datu eta teoria ezberdinak aztertuz.

Musikari dagokionez, Juanjo Ocón-ek zuzendutako Euskal Herriko Gazte Orkestrak parte hartu du eta Pascal Gaigne eta Richard Wargner-en musika interpretatu dute.

Ingalaterra, Alemania edo Frantziako agertokiekin batera, Karlomagnoren gudariek egindako ibilbide berdina erabili dute filma grabatzeko. Gainera, VIII. Mendean erabiltzen zituzten arropa eta jantziak erabili dituzte.

La Chanson de Roland Bilbo, Donostia, Gasteiz, Zaragoza, Barcelona eta Madrileko areto ezberdinetan proiektatuko dute.