Itxi

telebista

ETB Nafarroan

Berriz sintonizatu behar da telebista Nafarroan, ETB2 ikusteko

EITB

Irailaren 6tik aurrera, ETB1 eta ETB2 Nafarroa osoan ikusteko aukera egongo da, eta ETB3ko marrazki bizidunak Iruñerrian ikusi ahalko dira. Horretarako, baina, kanalak berriz sintonizatu beharko dira.

ETB2ren seinalea ostegun honetan iritsiko da Nafarroara. Foru Gobernuak abuztuaren 29an adostutakoaren ostean, ETB2ren seinalea Nafarroa osora iritsiko da 2018ko irailaren 6an. Aurrerantzean, beraz, ETB1 eta ETB2 Nafarroa osoan izango dira ikusgai, eta ETB3, berriz, Iruñerrian.

Lehendik ETBren seinalea etxean jaso edo ez, kanalak berriz sintonizatu behar dituzte nafarrek. Prozesua ia automatikoa da, eta urrutiko agintearen hiru botoi sakatzea nahikoa izaten da horretarako. Guztira, 3 edo 4 minutu baino ez dira behar telebista sintonizatzeko.

Modeloaren arabera era batera edo bestera aldatzen bada ere, ia telebista guztien urrutiko aginteak du ''Menua'', ''Konfigurazioa'' edo antzeko izenen bat duen botoi bat. Hori sakatuta zabaltzen diren aukeren artean, kanalen zerrenda egongo da, eta bertatik eskuz edo automatikoki birsintonizatzeko aukera egon ohi da. Gero, nahi bezala ordenatu beharko ditugu, baina, errazago aurkitzeko, gomendio bat: jarri ETB1 lehen postuan, ETB2 bigarrenean eta ETB3 hirugarrenean.

Horrela, hiru urrats sinple horiekin, ETB1 eta ETB2 Nafarroa osoan eta ETB3 hiriburuan eta inguruetan ikusi ahalko dira, LTD gailuan modu normalizatuan, gainerako kanalak bezalaxe.

Akordioak

2016ko maiatzean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, 2009an Patxi Lopezek eta Miguel Saezek hitzartutakoa ordezkatzeko. Bi hilabete geroago, 2016ko uztailaren 15ean, Cristina Uriarte sailburuak eta Ana Ollo kontseilariak Nafarroan EiTBren emisiorako lehen lankidetza hitzarmena adostu zuten.

ETBren emisioa normalizatzeko azken neurria Nafarroako Gobernuak abuztuan onartutako akordioa izan da, Nafar Telebistak (NTB) 2016ko urrian emisioak eten ostean Abian Komunikazioari emandako emakida administratiboa berrekuratuta.

Akordio horri esker, ETB2k multiplex autonomikora eramango ditu bere emisioak, eta, beraz, tokiko multiplexak libre utziko ditu, orain arte ETB2ren emisiorako erabiltzen zirenak. Horrek aukera emango du Iruñerrian ETB3 tokiko multiplexak baliatuz emateko. 2016ko udazkenetik har daiteke Nafarroa osoan ETB1, Euskal Telebistaren euskarazko katea; beraz, aurrerantzean ETB1 eta ETB2 Nafarroa osoan izango dira ikusgai, eta ETB3, berriz, Iruñerrian.