Itxi

telebista

Denboraldi berria

ETBko albistegiek denboraldi berria hasi dute

EITB

Etenik gabe, sei urteko lidergoa kateatu dute Euskal Telebistako albistegiek, eta aurten, batez beste, % 20,7ko audientzia-zatia bereganatu dute.

1:28

Astelehen honetan, irailaren 3an, jarri da abian ETBko albistegien denboraldi berria. Urtean zehar lortutako datu onak mantendu eta euskal ikus-entzuleen informazio mina asetzen jarraitzea da helburu nagusia hurrengo denboraldian.

Etenik gabe, sei urteko lidergoa kateatu dute Euskal Telebistako albistegiek, bere historian lidergoari eutsi dion denbora tarterik luzeena.

Aurten, batez beste, % 20,7ko audientzia zatia izan dute ETB1eko eta ETB2ko albistegiek. Banaka hartuta, 'Teleberri' Euskadiko albistegirik ikusiena izan da, % 17,4ko audientzia zatia bereganatuz. 'Gaur Egun' euskarazko albistegiak, berriz, % 3,3ko audientzia-zatia izan du, eta euskaldunen artean % 8,5eko kuota.

Denboraldi honetan, 'Gaur Egun' albistegian aurkezle berri bat izango dugu: Madrilen korrespontsal lanetan aritu den Yerai Diaz Ikaranek ETB1eko gaueko albistegia aurkeztuko du. Xabier Usabiagak gidatuko du eguerdikoa, eta Jonan Apaolazak asteburukoa, orain arte bezala.

'Teleberri' albistegian ere, aldaketak izango ditugu: Juan Carlos Etxeberria asteburutik astegunera pasatuko da, eta gaueko edizioa aurkeztuko du. Eguerdian, Africa Baetak jarraituko du, eta asteburuan, Estibaliz Ruiz de Azua eta Xabier Garcia Ramsden arituko dira azken orduetan gertatutakoen berri ematen.

Albistegietako kirol tarteak Jon Balentziagak eta Ana Ramosek gidatuko dituzte ETB1en, eta Jose Ituartek eta Sara Gandarak, ETB2n.

Eguraldiaren informazioa astelehenetik igandera iritsiko zaigu, ohiko taldearen eskutik: Andoni Aizpuru, ETB1en; Ana Urrutia, ETB2n, eta June Ansoleaga, asteburuero, bi kanaletan.

ETB1eko 'Egun On Euskadi' goizeko albistegiak irailaren 10ean jarriko du abian denboraldi berria. Estepan Aldamiz-Etxebarria izango du gidari abendura arte, eta Iban Garatek hartuko du lekukoa urtarrilean, Aldamiz-Etxebarriak erretiroa hartuko baitu.

Profesionaltasuna, gertutasuna eta kazetaritza zintzoa dira ETBko albistegien ezaugarriak. Erpin guztietatik berriari heltzeko esfortzuaz gain, albistegirik osatuena egiteko ahalegin etengabea egiten du ETBk, albistea gertatu den lekuetan egon eta horren berri egiazkotasunez eta zuzen emanez.

Informazioan eta aktualitate gaietan erreferente izaten jarraitzea eta ikus-entzuleen albiste gogoa asetzea dira denboraldi berrirako erronkak, Euskadin gehien ikusten diren albistegiak izaten jarraitzeko.