Itxi

telebista

Donostiako Aste Nagusia 2018

'Artillero 2018', gaur arratsaldean, zuzenean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB

118:15etik aurrera izango da. Gauean, 22:00etan, Agustin Ezenarrok eta Izaro Iraetak 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saioa aurkeztuko dute, eta su festa eskainiko dute zuzenean.

  • 2017ko 'Artillero' ekitaldia. EiTB

Gaur arratsaldean, 18:15ean, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Donostiako Aste Nagusiaren hasierako 'Artillero 2018' ekitaldia, Aunitz Alberdi eta Juan Terolen kontakizunarekin.

Maite Eskarmendi eta Luisma Laboa kazetariek, gainera, Alderdi Ederren bizi den giroaren berri emango dute, eta ekitaldiaren protagonistak eta bertara hurbiltzen diren herritarrak elkarrizketatuko dituzte.

Saioan hartuko dituzten gonbidatuen artean, hauek izango dira: Eneko Goia Donostiako alkatea; aurten 'Artillero' abestuko duten Sonakay taldeko kideak; Amaia Montero abeslari donostiarra; Maria Luisa Merlo, Jesús Cisneros eta Gorka Otxoa aktoreak; Luis Mokoroa artillero nagusia eta horren alaba, Onintza Mokoroa; Pirata Bihurriak kofradiako Karmen Altuna eta Jaranero kofradiako Txomin Campo, Donostiako Piratak taldeko kideak biak; Marian Lázaro su artifizialen kartelaren aurtengo diseinatzaile irabazlea; Iñigo García Garvi Erraldoi eta Buruhandien konpartsako arduraduna; eta Bittor Andonegi Aspangi Elkarteko presidentea.

Gauean, 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saioa, ETB1en eta eitb.eus-en

Gaur hasi eta datoren larunbatera bitartean, gauero, 22:00etan, 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako Pasealekutik zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Su Artifizialen 55. Nazioarteko Lehiaketa zuzenean eskainiko dute, eta Aste Nagusian protagonista diren gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte. Halaber, Iñigo Agirre eta Jaione Carpintero kazetariek Kontxako hondartzan eta Donostiako portuan dagoen giroaren berri emango dute, zuzenean.

Gaur, Sara Cozar aktorea eta Twin Melody ahizpen bisita izango dute. Sara Cozar hainbat antzezlanekin dabil azken denboraldian, eta Erlauntza antzezlanaz hitz egingo digu. Bestalde, Twin Melody ahizpak euren proiektuez arituko dira eta zuzenean kantatzera animatuko dira.

Iñigo Agirrek aurtengo su artifizialen lehiaketan egongo den nobedade baten inguruko erreportajea ekarriko du. Aurten, suetxe guztiek lehenengo 30 segundoetan badian dagoen plataforma batetik botako dituzte suziriak, eta plataforma hori nolakoa den eta horren inguruan nolako segurtasun perimetroa jarriko duten kontatuko digu.

Jaione Carpintero, berriz, 'Artillero' kantatuko duen Sonakay talde flamenko-euskaldunarekin egongo da, eta Donostiako Piraten jaien hasiera kontatuko digu.

Gaurko su artifizialak Granadako Esteban Martin suetxearen eskutik izango dira.