telebista
2. denboraldia
Lehen euskal artzaina, gaur, 'Una Historia de Vasconia' saioaren estreinaldian
EiTB
Alberto Santanaren eskutik, Euskal Herriko historiaren gaineko ikerketa eta aurkikuntzen munduan barrena bidaia erakargarria eskainiko du saioak.
Gaur gauean, 'Una Historia de Vasconia' ('Baskoniako Historia Bat') dokumental sortaren bigarren denboraldia estreinatuko du ETB2k, 22:30ean. Alberto Santana historialariaren eskutik, ikerketa eta aurkikuntzen munduan barrena bidaia erakargarria egingo du saioak, eta Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du.
Zehaztasun historiko zorrotzarekin, iraganeko gertakari nagusietako agertoki eta protagonistak gogoratuko ditu saioak, Neolitotik hasi eta gaur egunera arte.
Egin berri diren ikerketak hizpide hartuta, topiko eta gehiengoen sinesmenen inguruko eztabaida irekia bultzatuko du 'Una Historia de Vasconia' saioak. Kondairak desmitifikatuko ditu eta gure iraganeko hainbat gertakari ilun argituko ditu.
Dokumental saila egiteko, alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izan dute, jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak eskaintzeko, eta gure lurraldearen irudi ikusgarriek jantziko dute gure historiaren kontakizun hau.
Saioaren atal bakoitzak historiaren garai zehatz bat landuko du: Neolitoa, Erromanizazioaren amaiera, Goi Erdi Aroa, Erdi Aro Klasikoa eta Behe Erdi Aroa, Aurkikuntzen garaia, Aro Garaikidea, XVI-XVIII. mendeak, XIX. mendea eta XX. mendeko gure historia gertuena. Saioak garai bakoitzeko eztabaidagai edo pasarte bat aukeratuko du, edota garai horretako pertsonaia esanguratsu bat, eta sakon aztertuko ditu, azkeneko hiru hamarkadetan eman diren aurkikuntza eta ikerketa berrien datuak eskainiz.
Lehen euskal artzaina
Lehen atalak, K.a. 5500-3000 urteko garaira eramango gaitu. Garai hartan, Europako klima atlantikoa ezartzeak Neolitoko kultura finkatzea ahalbidetu zuen Baskoniako lurretan.
Neolitoan, gizakiek naturaren zikloen gaineko dominazioa lortu zuten eta elikagai propioak hazten hasi ziren. Gainera, animalia basati batzuk hezi eta etxekotzen ikasi zuten; txakurrak, ardiak, txerriak, behiak eta zaldiak, tartean. Horrela, euskal artzainen lehen belaunaldiak jaio ziren eta haien bizimodu eta kulturaren arketipoak gaur egunera arte ia aldaketarik gabe mantendu direla dirudi.
Euskal artzainek, bereziki, Euskal Herriko kultura tradizionala kontserbatu eta transmititzeko lanean paper garrantzitsua izan dute, ohiturak Neolitotik gaur egunera arte bilakaerarik gabe mantendu izan balira bezala. Hausnarketa horren arabera, artzainek ez lukete historiarik izango, iraganaren eta orainaren arteko denbora zehaztugabe batean biziko lirateke.
Honen aurrean, 'Baskoniako Historia Bat' sailaren lehen atalak euskal artzainen kulturaren garapena aztertuko du, gaur eguneko ikerketen datuetan oinarrituz. Gure artean, lehen animalia espeziak noiz eta zergatik larreratu ziren aztertuko du saioak, eta animalia horiek nondik etorri ziren eta gure herrietako bizimoduan eta paisaian zer-nolako inpaktua izan zuten azalduko du.
Gainera, artzainen bizitzaren hainbat ohitura eta tradiziotan murgilduko da, antzinako tradizioak eta ohitura berriak bereizita. Adibidez, Aizkorri eta Aralartik Bizkaiko kostaldera egiten den transhumantzia antzinako ohitura bat ez dela erakutsiko dute.
'Una Historia de Vasconia' ostegunetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.