Itxi

telebista

Ekoizpen berria

'La Víctima Número 8' telesailaren filmazioaren azken egunak Bilbon

EiTB

Lehen fase honetan, Bizkaia Zubian, Basurtuko Ospitalean, Bilboko Alde Zaharrean, IDOM eraikinean eta Galdakaoko tiro-eremu zaharrean aritu dira grabatzen. Uztailean Madrilen filmatuko dute.

Nota PDFan

Bizkaia Zubia (2007an Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen), Basurtuko Ospitale Unibertsitarioa, IDOM eraikin abangoardista eta Galdakaoko tiro-eremu zaharra protagonista izan dira 'La Víctima Número 8' telesail berriaren filmazioan. Halaber, Bizkaiko hiriburuko inguru ederretan ere ibili dira, hala nola, Zugastietan eta Aranzelaiko urtegian.

Euskal Telebista eta Telemadrid telebista kanalek eta Mediapro taldeak ekoiztu dute proiektu berri hau, Globomedia eta K2000 ekoiztetxeen bidez. Filmazioaren lehen zatia Bilbo inguruetan egin da eta uztailean Madrilen jarraituko dute. Telesaila Gasteizko FesTVal jaialdian (irailaren 3tik 9ra) aurkeztuko da, lehen kapituluaren aurrestreinaldiaren bitartez.

'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako ekoizpena da. Marc Cistare da produktore eragilea, Alejandro Bazzano zuzendaria eta David Azcano argazki zuzendaria. Gidoilari lanetan, berriz, Esther Morales, Abraham Sastre, David Bermejo, Sara Antuña eta Marc Cistare bera aritu dira.

'La Víctima Número 8' telesailak Bilboko Alde Zaharrean gertatuko den atentatu jihadista bat izango du abiapuntu, eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du. Zortzi atal izango ditu, eta dekoratu naturaletan eta kanpoaldean ari dira grabatzen.

Thriller gisako historia honek pertsonaiek sarraskiaren ondorioak nola bizi dituzten kontatuko du. Biktimak eta borreroak izango dira telesailaren protagonista. Polizia ikerketaren helburua erasoaren arduradunak atzematea eta istorioak aurrera egin ahala sortzen diren galderak argitzea izango da.

Aktore talde handi batek hartuko du parte bertan: Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Marcial Alvarez, Farah Amed, Lisi Linder, Iñaki Ardanaz, Oscar Zafra, Alfonso Torregrosa, Itziar Lazkano, Khaled Kouka, Moussa Echarif, Jesus Ruyman, Itziar Aizpuru eta Son Khoury, Youssef Bougarouame eta Auritz Salterain.