telebista
22:30ean
'Betiko lekuetan' dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Saioak bidaia gastronomikoa egingo du Arabako Errioxa, Lekeitio, Getaria, Arantza eta Ezpeleta aldean.
Gaur gauean, ETB1ek Betiko lekuetan dokumentala eskainiko du. Zaporez eta lurrinez beteriko bidaia izango da, gure oroimenaren parte diren toki klasikoetatik barrena. Dokumentala Arabako Errioxan, Lekeition (Bizkaia), Getarian (Gipuzkoa), Arantzan (Nafarroa) eta Ezpeletan (Lapurdi) grabatu dute.
Bidaia gastronomikoa egiteaz gain, gurean denboran zehar aldatu ez diren toki asko daudela ikusiko dugu. Horren adierazgarri dira leku horietako jan-edanak. Kontakizun berezia osatuko dute, modu berezian zaindu eta landutako irudien bitartez.
Ezpeleta piperraren euskal hiriburuetako bat da, eta sor-marka propioa ere badu. Zalantzarik gabe, horren erakusleihorik onena Euzkadi Hotela da, eta bertan herriko platerik ezagunetariko bat prestatzen dute: txahal axoa.
Kostaldera joango dira arraina dastatzera. Lekeition duela 60 urte ospakizun handietarako sortu zen jatetxe batera joango dira, eta Getarian, berriz, Kaia-Kaipe jatetxera, arrain-errea maisutasun handiz prestatzen duten toki ezagunera.
Bidasoa ibaiaren ertzean, Arantza herrian, Burlada jatetxea ezagutuko dute. Ehizak, foie grasarekin egindako azpizunak eta ahate-entsaladak ospe handia eman diote jatetxe tradizional honi.
Postrerako, Santiren 'makarroiak' jango dituzte. Santi Loizate gozogileak Garaitik Lekeitiora ekarritako errezeta da. Haren semeak eta bilobek errezetaren tradizioa eta kalitatea mantentzen jarraitu dute.
Historia eta istorio guztiak lehen pertsonan kontatuko ditu dokumentalak. Protagonistek pasioz egiten duten lanari esker, paraje hauek 'betiko leku' izaten jarraituko dute guretzat.
Betiko lekuetan gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.