telebista
ETA-REN AMAIERA
Kanboko nazioarteko ekitaldiaren jarraipen zabala, gaur, EiTBn
EITB
EiTBko hedabideek zuzeneko jarraipena egingo diote ETAren amaierako ekitaldiari eta aditu, nazioarteko gonbidatu eta hainbat eragile sozial eta politikoren adierazpenak bilduko dituzte.
-
Kanboko arnaga etxea
Gaur, ETAren amaiera hartuko duen Kanboko nazioarteko ekitaldiaren jarraipen zabala egingo dute EiTBko hedabide guztiek. 'Egun On Euskadi', 'Ahoz Aho', 'En Jake', 'Está Pasando' eta '360º. Tú Decides' saioek tarte berezia eskainiko diote ekitaldiari, eta 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek ere bertatik bertara jasoko dute ekitaldiak emango duen guztia.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, bere aldetik, 'Faktoria' eta 'Boulevard' saio bereziak egingo dituzte eta Kanboko ekitaldiaren zuzeneko jarraipena egingo dute goizean zehar. eitb.eus-ek ekitaldiaren datu, albiste eta bideo guztiak bilduko ditu eta minutuz minutuko zuzeneko kontakizuna egingo du.
Saio bereziak ETB1en eta ETB2n
Goizean goiz egingo du bat Euskal Telebistak Kanboko ekitaldiarekin. ETB1en, 'Egun On Euskadi' 09:00etan hasiko da, eta goizean zehar jarraituko du. Zuzeneko konexioen bidez, bertatik bertara jasoko du Kanboko azken ordukoa, eta Pernando Barrena, Xabier Riezu eta Mikel Aramendi izango dituzte solaskide platoan.
Arratsaldean, 'Ahoz Aho' saioa ere berezia izango da. Ricardo Crespo, Iria Epalza, Miren Gorrotxategi eta Mikel Arruabarrena izango dituzte solaskide, eta zuzeneko konexioak egingo dituzte Kanbon izango diren berriemaileekin. Azken ordukoa bildu eta bertaratutako gonbidatu eta protagonistekin elkarrizketak eskainiko dituzte.
Halaber, ETB2n, 'En Jake' saioa 09:00etan hasiko da. Leire Torre eta Eider Hurtado kazetariak Kanbon izango dira ekitaldiak emango duen guztia bertatik bertara jasotzeko eta han izango diren nazioarteko gonbidatuekin eta eragile sozialekin hitz egiteko. 'En Jake' saioaren platoan, solasaldirako bi mahai izango dituzte, kazetari eta adituekin. Jose Felix Azurmendi, Laura Mintegi, Blanca Roncal, Carolina Uribe, Eduardo Portero, Iñaki Anasagasti, Jon Iñarritu, Chema Herzog, Rafaela Romero eta Roberto Uriarte bilduko dira bertan.
Arratsaldeko 'Está Pasando' saioak, berebat, goizean gertatukoaren analisia egingo du, eta Klaudio Landak hainbat aditu hartuko ditu platoan: Gorka Landaburu, Patxi Lazcoz, Ramon Ugalde, Victor Goñi, Ana Garbati, Jesus Prieto, Maria Tato, Pedro J. Chacon eta Rafa Larreina, besteak beste. Halaber, Adela Gonzalez Kanbon izango da eta ekitaldiko protagonista eta gonbidatuak elkarrizketatuko ditu.
Gauean, '360º. Tú Decides' saioak azken puntua jarriko dio jardunaldi historiko honi. Solaskideen mahaiko kideekin egoera aztertu eta ETAren amaieraren prozesua azalduko dute, Jose Ramon Beloki, Martxelo Otamendi, Luis R. Aizpiolea eta Montse Ramirez adituekin. Gainera, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkaria izango dute gonbidatu.
Euskadi Irratian eta Radio Euskadin
Euskadi Irratian, 'Faktoria'ren lehen zatia (08:30etik 10:00etara) Kanbotik zuzenean egingo dute, ekitaldiaren hasierako giroa bertatik bertara bizitzeko. Mahai-inguruan, Martxelo Otamendi, Joseba Arruti, Jose Felix Azurmendi eta Jesus Egiguren izango dituzte, eta Rufi Etxeberria eta Paul Rios elkarrizketatuko dituzte.
Eguerdian, 11:45ean, albistegi berezi bat hasiko da ekitaldiaren berri emateko, Maite Artola gidari. Eguzki Urteaga, Iñaki Galdos eta Iker Rioja izango ditu solaskide, eta bertan dauden eragileei egindako elkarrizketak eta balorazioak bilduko dituzte.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioa ere berezia izango da, Bilboko estudioetatik egingo dute, eta John Carlin kazetari eta idazle britainiarrak egunak emango duen guztia ulertzeko gakoak emango ditu bertatik. Gainera, Daniel Inerarity filosofoa, Eduardo Madina PSOEko diputatu ohia eta Jon Iñarritu EH Bilduko senataria izango dituzte gonbidatu. Goizeko lehen ordutik hasita, zuzeneko konexioak egingo dituzte Ander Arzak buru izango duen kazetari taldearekin, eta, 12:00etatik aurrera, saio berezia eskainiko dute, ekitaldiaren inguruko datu eta informazioa guztia eskaintzeko.
eitb.eus
Kanboko ekitaldiaren minutuz minutuko kontakizuna eskainiko du eitb.eus-ek zuzenean. Azken orduko albiste, bideo, argazki eta testigantzak bilduko dituzte, eta sare sozialetan sortuko den erantzun eta adierazpenak jasoko dituzte. Telebista eta irratiko saio bereziak zuzenean jarraitzeko aukera ere eskainiko du webguneak.