telebista
Saria
EuroBasque 2017 Kazetaritza saria, Olatz Arrietarentzat
A.A.| EiTB
ETBk Bruselan duen korrespontsalak idatzitako 'Europa, lehen ehun egunen ezinegona' artikulua nabarmendu du Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak.
-
Olatz Arrieta
Olatz Arrieta ETBk Bruselan duen korrespontsala EuroBasque 2017 Kazetaritza sariarekin nabarmendu du Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak, 'Europa, lehen ehun egunen ezinegona' artikuluarengatik. Kazetari donostiarraren lanak Europaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko harremanak aztertzen ditu politikaren, ekonomiaren eta defentsaren ikuspuntutik, Donald Trump boterera iritsiz geroztik.
Saritutako artikulua Berria-k, Elkar-ek eta Jakin-ek 2017an plazaratu zuten Trump Amesgaizto Amerikarra liburuan argitaratu zen, eta egileak berak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du gaur, maiatzak 9, EuroBasquek egin duen ekitaldi batean. Saria ere bertan jaso du Arrietak.
Olatz Arrieta (Donostia, 1971) eskarmentu handiko kazetaria da. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) lizentziatu zen, eta nazioarteko politikaz MA master bat egin zuen NYU unibertsitatean. Telebistan (ETB), irratian (Euskadi Irratia), Interneten (BBC Mundo), egunkarietan (Euskaldunon Egunkaria eta El Mundo), think tank batean (Eurasia Group) eta aldizkarietan (Gizadiberri) aritu da.
Berriemaile bezala, Errusian (bi urte), AEBetan (hamahiru urte) eta Europar Batasunean (bost urte) lan egin du. 2013tik aitzina Bruselan ari da lanean, ETBrentzat. Geopolitika gaietan interesatua, Europar Batasuneko, AEBetako eta Errusiako arazoak sakon aztertu ditu. Ingelesa, frantsesa eta errusiera hitz egiten ditu. Emmy Awards sarietan dokumental eta albisteen kategorian epaimahaiko izan da, bi urtez.