telebista
Kirol emanaldiak
Eibarreko pilota jaialdia, gaur, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Horrez gain, Iberdrola ligako Zaragoza CFF-Real Sociedad partida, palako Munduko txapelketa, aizkolarien Eusko Label Saria eta Pro Zarautz Surf 2018 txapelketaren laburpena eskainiko ditu ETBk.
Kirol eskaintza handia izango da igande honetan, apirilaren 15ean ETBn. Hasteko, 11:00ean joan zen astean Tolosako zezen plazan Arria V.aren eta Iker Vicenteren arteko aizkora desafioaren inguruko saio berezia izango da ETB1en.
Ondoren, 'Oreka' saioaren leihoa zabalduko da eta Zaragoza CFF- Real Sociedad Iberdrola Ligako futbol partida izango da zuzenean ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en. Naxari Altunak eta Larraitz Lukasek egingo dute kontakizuna, 12:00etatik aurrera. Aurretik, Pro Zarautz Surf 2018 txapelketaren laburpena eskainiko du Xabier Ormazabalek 11:30ean.
Gainera, Munduko pala Txapelketaren baitan, Landeta-Gordon eta Gaubela-Urrutia bikoteen arteko norgehiagoka izango da ikusgai 12:30ean, ETB4n eta eitb.eus-en.
Arratsaldean, 17:00etan, Eibarreko Astelena pilotalekuan jokatuko den pilota jaialdia eskainiko dute zuzenean ETB1ek eta eitb.eus-ek. Partida nagusia Retegi Bi eta Victor pilotariek jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketa izango da. Halaber, Elezkano II / Arteaga II atariko partida, eta Dario-Erostarbe / P. Etxeberria-Jaunarena binakako norgehiagoka izango dira ikusgai. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute jaialdiaren zuzeneko kontakizuna.
Pilota emanaldiaren aurretik, Zumaian ospatutako aizkolarien buruz buruko Eusko Label Saria izango da ikusgai, Xabier Legorburu eta Joxe Etxebesteren eskutik, 16:00etatik aurrera.