Itxi

telebista

Martxoaren 19tik 25era

Txirrindularitza denboraldiari ekin dio ETBk Kataluniako Voltarekin

A.A.| EiTB

Martxoaren 19tik 25era bitartean jokatuko den World Tour mailako lasterketa ETB1en eta eitb.eus-en ikusi ahal izango dugu zuzenean.

0:17

Kataluniako Voltarekin ekin dio Euskal Telebistak txirrindularitza denboraldiari. 98. edizioa beteko duen itzulia munduko zaharrenetarikoa dugu, Frantziako Tourraren eta Italiako Giroaren atzetik.

Martxoaren 19tik 25era bitartean jokatuko den World Tour mailako lasterketaren nondik norakoak zuzenean ikusi ahal izango ditugu ETB1en eta eitb.eus-en, 15:45ean hasita, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren kontakizunarekin. Azken etapa goizez jokatuko da, eta ETB4n eskainiko da 11:30ean.

Kataluniako Volta Calellan abiatuko da gaur, astelehena. Amaiera, ohi denez, Bartzelonako Montjuic inguruetan kokatuko da, datorren igandean. Tartean, goi-mendiko bi etapa izango dituzte, eta ibilbide laua izango duten hiru. Beste bi etapetan, erdi mailako mendateak eta lautada izango dute. 25 urteren ondoren, lasterketa Val d'Aranera eta Vielhara iritsiko da.

Munduko talderik onenak lehiatuko dira Voltan, eta lehen mailako txirrindulariak izango ditugu parte-hartzaileen artean. Azken bi edizioetako irabazleak, Alejandro Valverde (2017) eta Nairo Quintana (2016), daude faboritoen artean, eta Marc Soler Paris-Niza irabazi berri duen kataluniarra batu zaie aurreko bi horiei.

Bob Jungels, Yates anaiak, Tim Wellens, Sergio Henao, Rigoberto Uran, Thibaut Pinot eta Warren Barguilekin batera, Mikel Nieve, Igor Anton, Markel Irizar, Pello Bilbao, Garikoitz Bravo eta Mikel Bizkarra euskaldunak egon dira astelehenean lasterketaren irteeran.

Aurten lehenengo aldiz, 'reVolta' izeneko emakumeen lasterketa jokatuko da azken egunean Montjuic inguruko zirkuituan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Txirrindularitza