Itxi

telebista

22:30ean

'Euskaldunon Egunkaria'ren itxieraren 15 urteen inguruko erreportajea, gaur, ETB1en

A.E.| EiTB

Besteak beste, Garazi Torrealdairen, Miren Amurizaren, Martxelo Otamendiren eta Iñaki Uriaren testigantzak biltzen ditu ikus-entzunezkoak.

0:29

15 urte bete dira gaur 2003ko otsailaren 20ko goizaldean Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituztenetik. Gertakaria guztiok ezagutu genuen, baina ez atxilotuen etxeetan gertatu zena. Gaur gauean erreportajea izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, eta puzzle horren pieza batzuk ezagutuko ditugu bertan, bihotzetik kontatuta.

Garazi Torrealdai Joan Mari Torrealdairen alaba da, eta Miren Amuriza Berria egunkariko kolaboratzailea. Biak jaio ziren Euskaldunon Egunkaria sortu zuten urte berean, eta biek gertutik bizi izan zuten haren itxiera ere.

Torrealdai familiak etxeko ateak parez pare ireki dizkigu. Joan Mariren bizipenak gertutik ezagutzeaz gainera, garai hartan 10 eta 12 urte zituzten seme-alabak, Garazi eta Manex, ezagutuko ditugu. Euren "bizitzako esperientzia okerrena" izan zela esan dute, bizitza "markatu" egin ziela. Imanol Kerejeta Joan Mari Torrealdairen psikiatraren testigantza ere jasoko dugu.

Horrez gain, Martxelo Otamendik eta Iñaki Uriak inkomunikazio garaia nola bizi izan zuten kontatu digute. Otamendik emakume batekin izandako pasarte bat kontatu digu malko artean: "Emakumeak esan zidan: Sentitzen dut asko zu torturatu izana, baina nire alaba torturatu zuten eta inork ez zion kasurik egin; balio izan du beste batzuei sinesteko".

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren atzean beste helburu batzuk zeudela diote auzipetu guztiek, eta bertako herritar eta pertsona esanguratsu askoren aldetik jaso duten babesa eta maitasuna handia izan dela azpimarratu dute.

Itxiera horren ostean, hurrengo egunean, Egunero izeneko egunkari bat kaleratu zuten itxitako egunkari horretako langileek. Berria sortu zuten gero. Zein izan da 15 urteotan Berria-k eta gainerako euskal hedabideek izan duten bilakaera? Miren Amuriza bertako kolaboratzaile da egun, eta ohoretzat du hori.

Hedabideek egun duten egoerari buruz hitz egiteko, Nerea Azurmendi kazetariarekin, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariarekin, eta Xabier Letona, Estitxu Eizagirre eta Bego Zuza Argia-ko langileekin ere elkartuko dira. Guztiek ez dute egoera modu berean ikusten: batzuentzat euskal hedabideak inoizko egoera onenean daude; beste batzuen ustez, aldiz, egoera larria da eta biziraupen egoeran daudela diote.

Halaber, Egunkaria itxi ostean sortutako 'Zaindu maite duzun hori' abesti ezagunaren egilearekin, Ruper Ordorikarekin, ere izan dira. Abesti horrek dioen bezala, euskaldun izatea nekeza da, baina dohain bat ere bada.

'Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta ondorengo 15 urteak' gaur izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.

Dokumentalaren eman ondoren, 'Ahoz Aho+' saioak Egunkaria-ren itxieraren inguruko mahai-ingurua egingo du. Saioa Martija gidari, Eneko Etxeberria EHUko Zuzenbide irakaslea eta Elixabete Garmendia, Idurre Eskisabel eta Teresa Toda kazetariak bilduko ditu saioak, 23:15ean.