Itxi

telebista

Estreinaldia

'Arte[faktua]' literatur saioa estreinatuko du ETB1ek larunbatean

A.E.|EiTB

Yolanda Mendiolak aurkeztu eta zuzenduko duen saioak, besteak beste, idazle bati egindako elkarrizketa zabala eskainiko du astero.

0:25

Larunbatean hasita, 'Arte[faktua]' literatur saio berria emango du ETB1ek Yolanda Mendiola aurkezle eta zuzendari duela. Atal ugari izango ditu: nagusia idazle bati bere lana, unibertsoa, pentsamendua eta motibazioa ezagutzeko egindako elkarrizketa izango da. Baina horrez gain, gonbidatuak, nobedadeak, irakurle eta liburu-saltzaileen gomendioak eta booktuberrenak agertuko dira. Horrek guztiak osatuko du 'Arte[faktua]': literatura, liburuak, idaztea eta irakurtzea maite duten guztiei zuzendutako programa.

'Arte[faktua]' izena jarri diote, askotariko elementuz osatuta dagoelako. "Gainera, liburuari berari horrela deitzen zaio, batez ere eleberria bada, eta bereziki artea hitzarekin duen loturagatik. Izan ere, liburu bat artelan bat da, bai literaturaren ikuspegitik, bai objektu gisa, tamaina, forma eta azaleko irudiagatik", azaldu du Mendiolak. Horren ustez, badu eskulanetik, orriak josi edo itsatsi behar direlako, eta badu aparatutik ere, makinak behar direlako liburua osatzeko: ordenagailuak, inprentak... "Liburuak berak erloju baten makineria darama barruan, mekanismo zehatz bat, pieza guztiak ondo ahokatzeko", gaineratu du.

Artea, oro har, hainbat diziplinaz osatuta dagoenez, 'Arte[faktua]' saioa ere hainbat ataletan egituratuta egongo da; horien artean, nobedadeak, irakurle eta liburu-saltzaileen gomendioak eta booktuberrenak izango ditugu. "Booktubea gertakari kulturala bihurtzen ari da munduan eta Euskal Herrian ere fenomeno hori pixkanaka handitzen ari da", adierazi du.

Programaren bizkarrezurra idazleari egindako elkarrizketa izango da. Argitara emandako liburuez hitz egiteaz gain, idazlearen unibertsora, pentsamendura eta motibaziora hurbiltzen saiatuko dira. "Kamerak kalera aterako ditugu eta egilearen lurraldera joango gara. Gainera, gonbidatu bat eramateko eskatuko diogu, gertukoa duelako, beste arte diziplina batekin harremana duelako edo ikuslearentzat interesa duelako, eta elkarren artean solasean jarriko ditugu, elkarrizketaren azken zatian", saioko aurkezlearen arabera. Horrez gain, idazleak galdetegi txiki bati erantzungo dio, eta 'Arte[faktua]' saioaren amaieran, literaturari buruzko hausnarketa laburra egingo du.

'Arte[faktua]'ko lantaldea

Yolanda Mendiola (Aubervilliers, 1963) aurkezle eta zuzendaria Zuzenbidean lizentziatua da. 'Sautrela' saioko kidea izan da azken zortzi urteetan, koordinazio lanetan. Hasier Etxeberriaren eskutik hasi zen euskal literaturaren mundura murgiltzen. 'Euskaldunak' eta 'Hizka Mizka' saioetako kide ere izan zen.

Koldo Gutierrez (Donostia, 1963) egilea Arte Ederretan lizentziatua da. Eskarmentu handiko errealizadore honek formatu guztietako saioak egin ditu, ETBko bi kateetarako. Azken zortzi urteetan, berea izan da 'Sautrela'ko irudiaren ardura, baita 'Euskaldunak' eta 'Hizka Mizka' saiokoak ere.

Maite Odriozola (Lezo, 1957) erredaktoreak Kazetaritza ikasketak egin ditu. Hasiera-hasieratik dago telebistan lanean. Programa sailean denbora luzez ibilitakoa, azken hamar urteak Albistegiak sailean aritu da, bereziki kultura alorreko gaiak egiten.

Otsailaren 3an hasita, larunbatero, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 15:00etan.