telebista
22:30ean
Berezitasunen bat duten herriak, gaurko 'Con la Calle a Cuestas' saioan
EITB
Peñacerrada, Gernika, Mendaro eta Balmaseda bisitatuko dituzte.
Herriek xarma berezia dute eta horiek erakusten saiatuko da gaurko 'Con la Calle a Cuestas' saioa. Nahiz eta hirietan jende gehiago bizi den, herrira itzultzen direnean oroitzapen eta emozio ezberdinak sentitzen dituzte, herriek gordetzen dituzten berezitasunengatik.
Lehendabizi, Arabako mendietan kokatzen den Peñacerradara joango dira. Euskal Herriko herri hotzenetako bat da, eta pasa den urtean zero azpitik hamar gradutara heldu ziren. Negua gogorra izan arren, Peñacerradako biztanleek euren alaitasuna mantentzen dute, eta elurraren aurrean ez dira beldurtzen.
Badaude herri batzuk, gainera, sinbolo bihurtu direnak. Euskal Herrian horren adibide argiena Gernika da. Picassok giza-hondamendiaren sinbolo bihurtu zuen, eta ospe hori mundu osoan zehar zabaldu da. Herriak bere nortasuna berrasmatzea lortu du, eta orain, bakearen ikur bilakatu da.
Gernikak historia luzea du, Mendaro, ordea, herri jaioberria da. 1983an sortu zen eta Euskal Herriko herri gazteenetako bat da. Mendaroko herritarrek, gainera, ez dute aspertzeko denborarik, saioaren kameren aurrean erakutsiko duten bezala.
Azkenik, Balmasedara joango dira. Aste Santuko Pasioaren antzezpena da Bizkaiko herri honetako bereizgarrietako bat. Bertako bizilagunak harrotasunez mintzatuko dira ohitura zahar hau eta beste batzuk mantentzeko egiten duten ahaleginaz.
'Con la Calle a Cuestas' gaur izango da ikusgai, 22:30ean eitb.eus-en eta ETB2n.