Itxi

telebista

Aurrestreinaldia

'Merli'ren aurrestreinaldia izango da larunbatean Durangoko Azokan

A.E.|EiTB

TV3ko telesail arrakastatsuak Merlí du protagonista, ikasleen arazoak konpontzeko filosofoen pentsamoldeak erabiltzen dituen filosofia irakaslea. Urtarrilean hasiko da ETB1en.

0:21

ETBren eskutik, hainbat ekimen izango dira Durangoko Azokan. Abenduaren 9an, 'Merli' telesailaren aurrestreinaldia egingo da Durangoko Azokako Irudienean, 13:00etan. TV3eko telesail arrakastatsuak Merlí filosofia irakaslea du protagonista, eta ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatuko ditu, ezohiko irakasbideak erabiliz. Horren metodoek ez dute inor epel utziko, eta aldekoen eta aurkakoen artean banatuko dira ikasle, irakasle eta gurasoak. Urtarrilean estreinatuko da ETB1en.

Hector Lozano gidoilariak sortutako telesaila da, eta Eduardo Cortes zinemagileak zuzendu du. Ikus-entzuleen harrera bikaina izan du Katalunian, eta ETB1ek telesailaren hiru denboraldiak eskainiko ditu euskaraz.

Telesaila

Merlí Bergeron umore beltza gustuko duen irakasle ironikoa, kaotikoa, xarmagarria eta alaia da, eta, aldi berean, ingurukoak haserrearazteko dohaina duen gizakume zinikoa. Halabeharrez, Bruno bere semearen institutuan irakasle bihurtuko da. Bien arteko harremana ez da oso ona, baina elkarrekin bizi dira, Brunoren ama Italiara joan delako bikotekide berriarekin.

Telesailaren agertoki nagusia institutua da, eta atal bakoitza filosofo baten ingurukoa izango da. Filosofia irakasle berriak euren adinekoen arazoetan murgilduta dauden ikasle nerabeei XXI. mendeko Aristotelen jarraitzaile bihurtzeko gonbidapena egingo die. Inguratzen dituen mundua zalantzan jarri eta hausnarketa sakonak egiteko parada eskainiko die, hain zuzen ere.

Nola lor dezake Platonek agorafobia duen mutil gazte bati laguntzea? Zer egin dezake Schopenhauerrek bere nortasunaren bila dabilen neska menderakaitz baten alde?  Maquiaveloren pentsaera, ligatzeko inspirazioa izan al daiteke? Protagorasen filosofia aplikagarria al da ikasle batek eskolara piperrik egin ez dezan? Historiako filosofo eszeptikoenek indarra emango ote diote mutil gazte bati bere aitari aurre egiteko?

Epikuro, Kant, Descartes, Platon, Socrates eta historiako beste pentsalari handiak 'Merlí' telesailaren pertsonaia ikusezinak izango dira, eta ikasle gazte talde baten arazoak konpontzeko irtenbideak proposatuko dituzte. Merlí irakasleak gaur egungo mundura ekarriko ditu antzinako filosofoak, ikasleekin dituen arazoak konpontzeko  ez ezik bere semearekin dituen arazoetan ere bitartekari gisa erabiliko ditu, berarekin duen harreman kaskarra hobetu nahi baitu.

Bikoizketan ahalegin berezia

ETBk ahalegin berezia egin du 'Merlí'ren euskarazko bikoizketan, telesailaren jatorrizko erakargarri guztiak gordetzeko. 'Bateko, ahotsak oso ondo aukeratu dituzte, eta oso interpretazio onak lortu dira. Mixer bikoizketa etxearen eskutik, esperientzia handiko aktoreek hartu dute parte', adierazi du Asier Larrinaga EiTBren Euskara Zerbitzuko buruak. Merlí protagonistarena, esaterako, Iñaki Beraetxe aktoreak egin duela jakinarazi du Larrinagak.

'Besteko, hizkuntza aldetik, jatorrizko testuan zegoen guztia euskaraz ematen saiatu gara, adibidez, Merlíren hizkera gordin eta biraozalea, gazteen arteko berbeta, institutu giroko hizkera eta, protagonista filosofia irakasle denez, Filosofia klaseko azalpenak', azaldu du.

Halaber, gazteen hizkuntzara hurbiltzeko, ardura berezia jarri du ETBk. 'Lehendik bageneuzkan hitz eta esamoldeak bilduta, baina, horrez gainera, beste bilketa bat egin dugu gazteek kalean darabilten euskaran, sare sozialetan eta Interneteko gazte-foroetan arakatuz, eta esamolde berriak ere sortu ditugu', gaineratu du Larrinagak.