prentsa oharrak
Larunbatetik aurrera
'Consumidores' ETB-2ko saio berria hasiko da urriaren 9an
A.A.
EITB
Gaueko 'Teleberri' albistegiaren ondotik emango da, eta irratian eta Interneten ere izango du isla.
EITBk ''Consumidores'' saio berria estreinatuko du datorren larunbatean ETB-2n, ordutegi nagusian, Carlos Sobera eta Adela Gonzalezek aurkeztuta. Zerbitzu publikoa eskaintzea xede duen Komunikabide taldeak martxan jarriko duen saioak telebistan ez ezik, irratian eta Interneten izango du isla. Larunbatean jarriko da abian www.eitb.com/consumidores helbidean weba eta Radio Euskadin dagoeneko hasi da ''Consumidores'' irratsaioa larunbatetan 15:00etatik 16:00etara Iñigo Lejarzaren eskutik.
Parte hartzea bultzatu eta informazioa eskaintzea izango dira saioaren ardatzak. Kontsumitzaileei informatu eta berri emateko botere publikoek duten legezko betebeharra ere betetzera dator saioa.
Aitzindaria da ETB komunikazio proiektu handi honekin. ETB-2n larunbatero izango da ikusgai, ordutegi-nagusian, ''Teleberri'' albistegiaren eta ''Eguraldia'' tartearen ondotik, hamarrak baino apur bat beranduago. Ikerketa esklusiboak, erreportajeak eta tarte bereziak izango ditu. Gainera, platoan eztabaidak, elkarrizketak eta ikus-entzuleen parte hartzea ere izango da.
Aipatu bezala, Carlos Sobera eta Adela Gonzalez izango dira saioaren aurkezleak. Eskarmentu eta izen handiko profesionalak biak ere. Astero, gainera, aurpegi ezagun batek kontsumitzaile gisa bere esperientzia kontatuko du. Galdetegi umoretsu bat egingo dio ''Consumidores'' saioak, erabiltzaileek dituzten eskubideei buruz dakiena neurtzeko.
''Consumidores'' saioaren helburua egun-eguneko gaiak kontsumitzaileen eskubideen ikuspegitik erakustea da. Eskubide horiek nola erabili behar dituzten kontatzen eta eguneroko bizitzan erabaki zuzenak hartzen laguntzen saiatuko dira. Honako gai hauek jorratuko dituzte saioan: elikadura, osasuna, ekonomia, garraioa, energia, teknologia berriak, hezkuntza, kirola, aisialdiaren kudeaketa eta kontsumo jasangarria, besteak beste.
''Consumidores'' saio berritzailea da eta ezberdina, telebistako ohiko programazioan erraz topatuko ez duguna. Ikus-entzulea kontsumitzaile arduratsu, kritiko eta eragingarri bilakatu nahi du. Azken finean, gizartean eragiteaz gainera, hobe bizitzen laguntzea da saioaren asmoa.
Saioaren ikuspegia programaren bereizgarri bat da: "''Consumidores'' ez da ez inpartziala, ezta neutrala ere, hiritarrak dute lehentasuna, hiritarron eskubideak eta interesak. Ikuspegi hau bat dator zehaztasunarekin. Zorrotz eman eta jarraituko ditu datu objetiboak. Errespetuz jokatuko du, ekonomia eta gizarte eragileak kontutan hartuz".
Alderdi horiek guztiak kontutan hartzeaz gainera, ''Consumidores'' saio entretenigarria izango da, ordutegi nagusian emateak dakarren eskakizunaren neurrikoa.
Ikerketa talde propioa ere izango dute. Ikerketak garrantzi handia izango du edukiaren mamian. Produktuak eta zerbitzuak aztertuko dituzte. Bestalde, informazio esklusiboa eskainiko dute, kontsumo kazetaritzaren esparruan funtsezkoak diren legezko gaien ingurukoa izango da informazio propio hori.