telebista
20:00etan
'Historias a Bocados' Artziniegara joango da arratsaldean
A.E.|EiTB
Ander Gonzalezek sukalde kontuak ardatz dituzten istorioak bilduko ditu.
Ander Gonzalezek, 'Historias a Bocados' saioan, Artziniega (Araba) bisitatuko du gaur. Bertako bizilagunen sukalde kontuak bilduko ditu aurkezleak.
Hasteko, Embutidos Arceniega enpresan izango da eta Juan Mari Abasolo hango jabearekin arroza eta barazkiak nahasten dituzten odolki ospetsuak egingo ditu.
Ogiak ere garrantzi handia du Euskal Herriko alderdi honetan eta Gonzalez Maria Terrerosekin bilduko da. Emakume honek udaleko egurrezko labean egiten du ogia, eta urtero Museo Etnografikora eramaten dute labea garai batean ogia nola egiten zen erakusteko.
Orobat, 'Historias a Bocados'en Artziniegaren Erdi Aroko hiribildu izaeran erreparatuko dute. Hartara, garai hartako burukoak egiten dituen Marivi Caniberekin egongo da. Canibek, halaber, Euskal Herriko historia Erdi Aroan euskal emakumeek ezinbestean jantzi behar zuten buruko hauen bidez kontatuko du.
Maxi Yñarritu ere protagonista izango da larunbateko saioan. Abeltzaina eta artzaina izan zen eta orain erretiratuta dago. 500 ardi izan zituen eta Salbada Mendilerroan aritzen zen artzaintzan.
'Historias a Bocados' eitb.eus-en eta ETB2n izango da ikusgai, 20:00etan.